LOKEko atleten lana dominetan islatu da Gipuzkoako Txapelketan

jon-altuna-egitegi 2013ko urtarrilaren 20a

Kadete, jubenil eta junior mailako Gipuzkoako txapelketak izan dira asteburu honetan, ostirala eta larunbatean. Herriko atletek lan bikaina egin dute, guztira 11 domina lortuz.

LOKEko atletak aurtengo denboraldian babesle duten Rekalde Tabernaren aurrean.
Emaitza aipagarrienak Itoitz Rodriguez eta Eneritz Bustok lortu zituzten. Rodriguezek 200 eta 400 metroetan Gipuzkoako txapela irabazi zuen, 23.17 eta 51.41 segundoko denborak eginez hurrenez hurren. Bietan lortu zuen Antequeran martxoaren 3an izango diren Espainiako txapelketetan aritzeko txartela. Bustok berriz, hiru urrezko domina erdietsi zituen 60 metro hesietan (9.41eko denborarekin), altuera jauzian (1,59m) eta 60 metroetan (8.28 seg.). Hiru probetan Antequerara joateko gutxieneko denbora egin zuen.

Eurez gain, Idoia Olasagastik 300 metroetan urrea (45.21 seg.), luzera jauzian brontzea (4.72m) eta 60 metroetan brontzea (8.41 seg.) eskuratu zituen, Ane Galardik luzera jauzian (4.96m) eta hiruko luzera jauzian urrea (10.84m) erdietsi zituen eta Yeray Veronizek 60 metroko frogan zilarra atera zuen (7.50 seg.). Aipagarria da era berean Gaizka Ormazabal atleta gazteak otsailaren 9an Donostian egingo diren Espainiako promesa txapelketarako gutxieneko denbora egin zuela 200 metroetan. Gutxieneko langa 22.90 segundotan zegoen ezarrita, eta 22.62ko denbora zoragarria eginez lortu zuen etxean izango diren Espainiako txapelketan aritzeko eskubidea.

Ez ziren lehian aritu ziren lasarteoriatar bakarrak izan, bertan izan ziren Asier Eizagirre, Jon Altuna, Oihana Igarriz, Mikel Romero eta Bryan Izquierdo atletak ere, lan kaxkarxeagoa eginda. Maider Rekondo eta Maria Eugi atletak berriz, Sabadell-en izan ziren Super Amara BAT taldearekin Klub arteko Espainiako txapelketan lehiatzen.

Emaitzak gutxienekoa dira
Pozik mintzo zen Oscar Goikoetxea LOKEko prestatzailea proba guztiak amaituta aurtengo denboraldian taldeko babesle den Rekalde Tabernaren atarian: "Zoragarri lehiatu dute neska-mutilek, guztira 11 domina atera ditugu eta hori gu bezalako klub txiki batentzat asko da. Gainera, Espainiako txapelketetarako zortzi gutxieneko denbora eginak ditugu jada taldean eta oraindik are maila hobea emateko gai dira guztiak".

Halere, emaitzez haratago taldean dagoen "giro bikaina" azpimarratu nahi izan zuen Goikoetxeak: "Familia txiki bat osatu dugu guztiok, garaipen eta porrot pertsonalak denonak bezala sentitzen ditugu, eta hori da polita, pistatik atera eta elkarrekin pote eta pintxo batzuk hartzea".