Oporrak Bakean-en aurkezpen saioa

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urtarrilaren 21a

"Hijos de las Nubes” dokumentala ikusi ahal izango da ostiralean Manuel Lekuona kultur etxean 19:00etatik aurrera. Proiekzioa Gizarte Zerbitzuetatik antolatu dute eta bide batez Oporrak bakean 2013 ekimenaren aurkezpena egingo dute bertan.

Hijos de las nubes dokumetala ostiralean Villa Mirentxun
Proiekzioaren ostean Gorka Lizarraga Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, Maite Higuero teknikari buruarekin batera Oporrak Bakean programaren berri emango dute.

Aurten ere Saharako haurrak uda garaian etxean jasoko dituzten familiak behar dira eta honekin informazioa eman eta esperientzia gertutik ezagutzeko aukera eskaini nahi dute saio honekin.
Aurkezpen honetan ere Saharako haurrak etxean hartzen dituen familia baten esperientzia lehenengo pertsonan kontatuko du Yaiza Ruiz herritarrak.

Dokumentala
“Hijos de las Nubes” Donostiako Zinemaldian ikusi ahal izan zen. Ipar Afrikak egun bizi duen asaldura politikoa aztertzen da honetan, baita Mendebaldeko potentziek, batez ere AEBek eta Frantziak, beren nazioarteko estrategia politikoetan Realpolitik delakoa gauzatzeagatik duten erantzukizuna ere. Politika horiek ezegonkortasun handia eragin dute eta indarkeria eta kaosa ekarri.

Honela, Saharako egoeran oinarritzen da filma. Afrikako azken kolonia da Nazio Batuen Erakundearen arabera, eta gerra jasateko zorian dago. Dokumentala bidaia pertsonal bat da eta Javier Bardem da honen gidaria.

Ikusleak munduko diplomaziaren bide bihurgunetsuetan barrena eramango ditu dokumentalak eta utzita dagoen herriaren errealitatea erakutsiko du, egoera horretara nola iritsi den ulertu eta Afrikan beste gerra bat nola saihestu bilatzeko asmoarekin. Gizarte Zerbitzuek saio berezi honetan parte hartzera animatzen ditu herritarrak.