Asier Sagasti gaztea lau urterekin hasi zen judoan. Hamasei urte daramatza kirol hau egiten eta hainbat domina lortu ditu bere kirol bizitzan. Hala ere, aurten denboraldi bikaina egiten ari da, Gipuzkoako txapeldun da eta Euskadiko txapeldunordea. Harekin bildu gara solasalditxo bat izateko.
Nola hasi zinen judoa egiten?
Zumaburuko eskolan hasi nintzen Mikel Pongarekin. Gurasoek apuntatu zidaten eta gustatu zitzaidan. Mikel Pongak utzi zuenean, Gorkarekin hasi nintzen eta hamar urte edo daramatzat berarekin.
Iaz senior mailan lehiatzen hasi zinen. Zein desberdintasun aurkitu zenituen?
Jendea indartsuagoa da, zuk 19 urte zituzu eta 23 urtekoekin hasten zara lehiatzen. Eta pisua, indarra... Judoan ongi egiten dute eta haien mailan egon behar duzu. Gainera, pisuz igo nintzen.
Orduan, zein pisutan zaude orain?
90 kilo azpikoekin nago. Ni orain formaz baxu nago, 84 kilo ditut eta ia 90 kilo dituztenekin borroka egitea nabari da. Jendea pisu juxtuarekin doa.
Nire pisua berez 81 da baina pasa nintzen. 90 kiloko mailara igo eta ongi joan zait orain arte.
Gipuzkoako txapelketa irabazle izan zara eta iaz bigarren izan zinen. Garapena izan da, ezta?
Asko entrenatuz gero emaitzak datozela ikusi dut. Lehen gutxiago entrenatzen nintzen eta emaitzak hor zeuden. Pixka bat entrenatuta emaitza hobeak daude.
Euskadiko txapelketan bigarren izan zinen...
Bai. Horri esker gainera, Euskadiko selekzioarekin ari gara entrenatzen. Bi edo hiru entrenamendu egingo ditugu eta gero taldea aterako dute. Espero bertan egotea.
Izan ere, Espainiako txapelketako eremuko txapelketa izango dugu Zaragoza edo Iruñean , uste dut apirilaren 27an izango dela. Eta bertan egon nahi dut.
Sanboko Euskadiko txapeldun izendatu berri zara Gazteizen...
Borroka pare bat egin eta txapeldun izan nintzen.
Lau joan ginen eta laurak lehenengo postuetan geratu ginen. Batzuk borroka ere egin zuten eta oso emaitza onak egin dituzte. Eta domina sorta batekin etorri gara.
Eta Espainiako sanbo txapelketan ere izango zara?
Sailkapena lortu nuen Gasteizen txapeldun izateagatik.
Espainiako txapelketetara joateak zoriontasuna ematen du. Duela bi edo hiru urte txapeldun izan nintzen eta ea aurten ere errepikatzen den.
Espainia eta Euskadi mailan desberdintasuna dago lehiakideei dagokionez?
Bai. Euskadiko mailan azken finean aurkariak ezagutzen dituzu eta badakizu zer egiten duten. Beraz, praktikatu dezakezu tatamian.
Baina Espainiakoetara zoazenean andaluziar baten aurka egin behar duzu lehian eta ez dakizu ezker edo eskuina den edo zer egiten duen hoberen eta arreta handia behar duzu borroketan.

Asier Sagasti taldekide eta entrenatzailearekin Angeluko txapelketako atseden batean. Arg: G. Aristegi
Momentuan erabaki behar da borroketan...
Borroka mundu bat da eta argi izan behar duzu zer egiten duzun eta seguru egon behar zara.
Aurtengoa zure denboralditik hoberena dela esan daiteke?
Bai. Aurten joan naizen lehiaketa guztietan domina lortu dut, bigarren, lehenengo eta hirugarren. Eta oso pozik nago, entrenatu eta gero emaitzak lortzeak asko pozten zaitu.
Zenbat entrenatzen duzu? Entrenamendu gogorrak al dira?
Astean hiru edo lau egunetan entrenatzen dugu. Batzutan Hondarribira goaz entrenatzera eta han gogorrago izaten dira entrenamenduak.
Hemen txiki asko dago eta han gure mailako jende gehiago eta hobea dago. Ostegunetan joaten gara eta asko hobetzen dugu han.
Sanbo eta judoren artean desberdintasun handia dago, ezta?
Niretzat errazagoa da sanboa. Judon aurten araudia aldatu dute eta ezin dira hankak ukitu ere egin. Ni hankekin hobeagoa naiz eta hankak heltzen ere. Horrek puntu asko ematen dizkit eta nik uste Espainiako sanbo txapelketan hobeto egingo dudala , judon baino.
Nazioarteko mailan txapelketaren batean parte hartu al duzu?
Angelun izan nintzen denboraldi hasieran, gure kabuz joan ginen eta ongi joan zen. Lau konbate izan nituen, bi galdu eta hirugarren geratu nintzen.
Normalean ez gara horrelako txapelketetara joaten eta horrela bada gure kabuz goaz, guk ordaindu behar dugu guztia.
Etorkizuneko kirolari izan zinen duela urte batzuk...
Bai horrela da. Espainiako txapelketan domina lortzeagatik izendatu ninduten eta diru laguntza eman ziguten 600 bat euro. Aurten esperantza horrekin noa sanbo txapelketara, domina lortzekoa gutxienez. Eta dirua ematen badute hobeto.
Futbolaria ere bazara, Ostadarreko Ohorezko mailako Erregionaleko atezaina.Taldekako eta banakakoa kirolak egiten dituzu beraz. Zein da desberdintasuna?
Hemen zuk zure garapena lortzen duzu eta taldean denok batera egon behar gara eta denon artean atera behar dugu partida aurrera.
Gogorra da bi kirolak bateratzea?
Bai, batzutan korrika eta presaka nabil tatamitik futbol zelaira. Batzuetan bi kirolak egun berdinean ditut eta toki batetik bestera korrika joan behar dut. Normalean ez dut arazorik izaten.
Baina astean zehar kirola egiten dut egun guztietan eta gogorra da. Etxera iritsi eta ikasketak daude. Horiek garrantzitsuak dira gainera, horiek emango baitizute dirua etorkizunean. Beraz, ikasketentzat ere txoko bat dut arratsaldean edo gauean.
Eta lesioei beldurrik ez al diezu?
Hamasei urtetatik bateratzen ditut bi kirolak eta lesio gehienak judoan izan ditut. Baina ez diet beldurrik lesioei.
Bi kirolak egiten jarraitzeko asmoa duzu, beraz?
Bai horrela da. Ahal dudan bitartean gutxienez saiatuko naiz. Entrenatzaileek ez didate eragozpenik jartzen eta oso pozik nago bi kirolak egiten. Judoa asko gustatzen zait eta futbola ere bai. Nire asmoa beraz bietan jarraitzea da.
