
2010ean kaleratu zen “Mi Montaña” liburuan, Mont Blanc-eko Goûter aterpean, 3.817metrotan 4 hilabetez bizitako esperientzia kontatu zuen. Arg: Frank Hien
Eider Elizegiren “Mi montaña” lehen liburuak Desnivel literatura saria eskuratu zuen 2010ean. Gero “El Hilo Gris” bere bigarren esperientzian eskaladari buruzko testuak eta harkaitzaren argazkiak batu zituen eta orain, “Crisalidas de silencio” izenburua duen liburuan, duela urte batzuek idatzitako poemak jaso ditu.
“Betidanik idatzi izan dut. Hogei urte inguru nituenean poesia idazten nuen batez ere, eta material guzti horren zatitxo txiki bat biltzen du liburu honek” kontatu digu urrutitik lasarteoriatarrak.
Nolako poesiak dira?
Tripekin irakurtzeko, tripekin idatzita daude. Testu sugerenteak dira. Gure begiek irudiak eta sentsazioak jasotzen dituztenean, buruak berehala sailkatzen ditu bere eskemen arabera. Baina begitik arrazoimenera doan tarte horretan bada eremu labur bat, non gauzek beste esanahi bat jaso dezaketen.
Askotan ohartzen ez bagara ere, itzal horiek norberaren bizitza asko baldintzatzen eta zuzentzen dutela uste dut. Sinbologia pertsonal baten sorlekua da eremu hau, eta bertan garatzen dira poema hauek.
Poema batzuek eskuz idatzita daude liburuan marrazkiarekin batera?
Ez. Maketazioa Rebeka Elizegi, nire ahizpak sortutako diseinu grafikoaren arabera garatu nuen. Aspaldiko materialak direla eta, apunte koaderno itxura dauka liburuak, eta testuen maketazioa ere tankera horretan egina dago. Tipografia ugari erabili ditugu, baina, ez, nire eskuz idatzitako ezer ere ez da ageri.
Gazteleraz idatzi ohi duzu... Euskaraz ba al daukazu zerbait idatzita?
Bai, asko. Baina batek idazten duenetik argitaratzen denera tarte handia izaten da, eta tarte horretan, idazleaz gain, beste askok hartzen dute parte.
“Vagamontañas” blogean idazten duzu... Idazkera poetikoa daukazula diote.
“Vagamontañas” bloga itxi egin nuen duela hilabete batzuk. www.eiderelizegi.com web-gune berria daukat orain. Denok bezala, errealitateari begiratzeko nire modu pertsonala daukat, eta nire idatziek hori isladatzen dute.

Apunte kuaderno itxura dauka liburuak. Rebeka Elizegi, Eiderren ahizpa arduratu da liburuaren diseinu grafikoaz. Arg: Eider Elizegi
“Crisálidas de silencio” izena bera ere bitxia da, “isiltasun krisalida” horrekin zer adierazi nahi duzu?
Aurreko galderan erantzun dizudanaren ildo beretik, zalantzarik gabe, begiak jasotzen duen iruditik, arrazoimenaren liseriketaren ondoren datorren isiltasunera doan bide ilun eta labur horretan kokatzen dira poema hauek.
Zertaz idatzi duzu poemetan?
Begiradatik isurtzen diren irudiak garatzen dituzte poema hauek. Arrazoiak beregan hartu eta bere logikaren ereduetan klasifikatu aurretik gauzek hartzen duten tankera irrazional horretan sortzen diren irudiak jorratzen eta zabaltzen ditu.
Nabarmendu, nahi baduzu, liburuko poemaren bat...
Liburuaren hasieran, hitzaurre moduan, honako poema hau irakur daiteke: Entre la retina y la razón / late un brevísimo espacio / vacío sin nombre / -¿por qué no llamarlo Isda, por ejemplo?- / donde las imágenes se enquistan / hasta formar crisálidas / que engordan y metamorfosean / para renacer / más tarde y en paralelo / convertidas en símbolos / -personal y transferible- / por la (sin)razón / de las vísceras, el hígado, las tripas. /// Después / la lógica ordena, limpia, elimina / y se inicia / un silencio plagado de ruido. / Pero entonces / ya / es / demasiado tarde / para volver a mirar por primera vez.
Denok bezala, errealitateari begiratzeko nire modu pertsonala daukat, eta nire idatziek hori isladatzen dute.
Mendia eta idaztea uztartu dituzu. Zer moduzko harrera izan zuten aurreko liburuek?
Idazteko orduan, idazteko prozesua bera izan da beti nire helburu nagusia. Hortaz aparte, ondoren argitaratuak izan diren liburuei dagokienez, pozik nago izan duten harrerarekin.
Asko ikasteko aukera eskaini didate, lagun berri onak ekarri dizkidate, eta hori propina ezin hobea da.
Oraindik ere idazten eta marrazten al duzu mendian?
Idazteko joera nire begiradari lotuta egon da betidanik. Begiratzea, niretzat idaztea da. Azken urte luze hauetan mendian ibili naizenez, mendiari buruz idatzi izan dut. Eta noski, idazten jarraitzen dut.

Eider Elizegirenak dira liburua ilustratzeko poemen ondoan erabili diren marrazkiak ere.Arg: Eider Elizegi
Liburu bisuala da. Marrazkiak poemen garai berekoak dira, eta espazio berdin batetaz hitz egiten dute. Horregatik, osagarriak dira. Azken bolada honetan gutxiago marraztu ohi dut, baina garai haietan ideia, irudi edo sentipen batzuk marraztuaz idatziz baina hobeto adierazten nituen.
Siarte, liburu desberdinak argitaratzeko gogoa duen argitaletxe berria dela esan du Roge Blascok. Ados al zaude?
Bai, noski. Argitaratzen dituen liburuez bizitzeko beharrik ez duen argitaletxe bat den heinean, produktu arriskutsuak kaleratzen ditu. Edizioak oso mimatuak daude: argitaletxe arruntago batek ez lituzke inoiz paper, inpresio, erremate aldetik hain liburu zainduak aterako. Lagunartean lan egiteko duen modua ere oso interesgarria iruditzen zait.
“Vagamontañas” gisara definitu duzu zure burua; nomada xamarra zara, ezta?
Lokarriak, jentilizioak eta etiketak ez ditut gehiegi maite.
Azken urte hauetan alde batetik bestera ibili naiz ekipajez arin, edozein lekutan etxean nagoela sentituz. Lurrarena naiz, eta lurrean zehar nabil.
Pirinioetan egoten al zara askotan? Alpetan? Bestela nora bidaiatzen duzu?
Pirinioetan batez ere, furgonetarekin ibiltzea gero eta zailagoa den arren. Lurrarekin lotura zuzena duten pertsonak interesatzen zaizkidanez (eta diruz urri ibiltzen naizenez), ez dut leku garestietara bidaiatzen.
Aspaldian egin al duzu Europan ala Europatik kanpo mendi edo eskalada bide “handirik”?
Iaz Marokon ibili ginen eta orduz geroztik ez dut atzerrira bidaiatu. Oso bidaiari geldoa naiz.
irudiak dastatzeko ahalmena jorratzeko aukera eskaini dit biologiak. Mikroskopioak mundu zoragarriak erakusten ditu
Eta ba al duzu egiteko beste asmo edo proiekturik?
Bai, noski… baina ea! Iritsiko da.
Biologia ikasteak zer eman dizu? Aritu zinen mikroskopio artean lanean mendira jo aurretik...
Txikitandik natura irakasle ona izan da niretzat, seguru asko horregatik ikasiko nuen biologia. Gauzak ulertzeko egitura bat eman didala suposatzen dut.
Begirada hornitu dit agian. Gorputza eta bizitza ulertzeko modu bat eskaini dit. Eta irudiak dastatzeko ahalmena jorratzeko aukera (mikroskopioak mundu zoragarriak erakusten ditu).
Zientzialaria letra artean, zientzia eta letrak elkarrekin daude zugan...
Zientzia eta letrak erabat loturik daude, gure hezkuntza sistemak banandu egiten dituen arren. Matematika puruak erabat poetikoak dira; lengoaia eta arteak, gainontzeko guztiak bezala, zientziak aztertzen duen errealitatearen egitura bera daukate. Betidanik saiatu naiz bi mundu hauetaz aldi berean gozatzen.