Areto-futbola denboraldi erdian da

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urtarrilaren 21a

Lasarte-Oriako areto-Futboleko taldeek denboraldiko lehen itzulia amaitu dute dagoeneko. ISU leihoak taldea lehen postuan dago eta denborladi amaiera arte postu honetan edo lau lehenetan sailkatzea da bere helburua. Aldaz H.K.-ren kasuan maila mantentzea izango litzateke helburua.

Aldaz HK-k ostiralean Kiroldegian jokatutako partidako une bat.

Areto futbolak betidanik izan du lotura estua Lasarte-Oriarekin. Horren erakusgarri dira, besteak beste, Ostadarrek antolatutako XXX. Herriko txapelketa, edota kalitate handiko ISU Leihoak eta Aldaz HK taldeak.
Ostegunean, denboraldiko lehen itzuliko azken partida jokatu zuen ISU Leihoak taldeak Gure Txokoaren aurka. 6-2 irabazi zuen eta Gipuzkoako mailan sailkapeneko lehen postuan dago.
Eneko Molina entrenatzaileak partida gogorra aurreikusten zuen eta horrela izan zen. ISU-ko entrenatzailearen hitzetan partida “parekatua” izan zen eta “azken minutuetan” erabaki zen guztia.
Lasarte-Oriako taldea ongi ibili zen defentsan eta ateari begira, azken minutuetan izan zituen aukera gehienak. “2 eta 1 gindoazen eta minutu gutxitan sartu genituen gainontzeko golak. Gure Txokoak gainera atezain-jokalaria atera zuen eta haiek galdutako baloiaz ongi baliatu ginen”, adierazi zuen.
Molina pozik agertu zen emaitzarekin eta taldeak denboraldiko lehen zati honetan egindako lanarekin.
“Denboraldia zalantzekin hasi genuen. 5. jardunalditik aurrera partida guztiak irabazi ditugu, azken minututan izan arren”, adierazi digu.
Honela postu honetan mantendu eta lehen lau sailkatuetan egotea da helburua orain. “Lehengo bietan bada hobe, finalerdiak etxean jokatzeko aukera dago eta”, aipatu zuen.

Maila mantentzea helburu

Era berean, nazional mailan ostirala gauean jokatu zuen Aldaz H.K. taldeak Tolosala Hirukide taldearen aurka.
Denboraldiko bigarren itzuliari hasiera eman zioten partida honekin, eta ezin izan zuten garaipena erdietsi, partidu bizi baten ostean 4-5 galdu baitzuten Kiroldegiko norgehiagoka. Partidu “zaila” izan zela aipatu zuen Oscar Garcia Aldaz HK-ko prestatzaileak: “Hasieratik partidua maldan gora jarri zitzaigun, 1-4 aztetik ginela, gugan sinetsita hurbiltzea lortu badugu ere, ezin izan dugu errematatu, pena izan da”.
Atzetik hasita, hirugarren postuan doaz eta bakarra jaitsiko da. Aurtengo helburu argia “maila mantentzea” izango dela adierazi zuen Garciak.

Herriko txapelketa

Bestalde, Ostadarrek antolatutako herriko txapelketan zazpigarren jardunaldia jokatu zen eta sei jardunaldi besterik ez dira falta finalerako fasean sartuko diren taldeak zein izango diren jakiteko.
Aipagarria da jardunaldi honetara arte partidu guztiak irabazi zituen Txindoki taberna liderrak galdu egin zuela Bar El Puntoren aurkako norgehiagoka (1-3). Hala ere, sailkapeneko lehen lekuan jarraitzen du, Izkiña tabernari bi puntuko aldea ateratzen baitio oraindik.
Jardunaldi honetako emaitzak kontuan izanda, Txindoki, Izkiña, El Punto, Buenetxea, ISU Leihoak, Izarra bitxitegia, Urdaneta eta Trumoi izango lirateke azken faserako txartela lortuko luketen taldeak.
Hala ere, Balerdi Harategiak, Indaux eta Ana eta Soi ileapaindegiak taldeek ere sailkatuen zerrendan sartzeko aukera daukate oraindik.