Irudi berriaren aukeraketa

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urtarrilaren 21a

Lasarte-Oriako Udalaren irudi korporatiboa berriaren lehiaketara aurkezteko epea bukatu zen urtarrilaren 13an eta orain logo berria aukeratzeko momentua iritsi da. Alderdi politikoen, elkarteen eta herritarren iritzia izango da kontuan hau aukeratzeko.

Lasarte-Oriako Udalaren irudi korporatiboa berriaren lehiaketara guztira 74 parte hartzaile aurkeztu dira Udalaren datuen arabera.
Eta Udalak adierazi duenez, kopuru honek harridura sortu du Udalean, “lehiaketa martxan egon den bitartean Udalean dei asko jaso ditugu informazioa eta argipenak eskatzen. Hau dela eta, bagenekien jende askok parte hartuko zuela, baina horrenbeste izateak harritu egin gaitu”.

Aukeraketa
Udalaren irudi korporatiboa erabakitzeko hiru epaimahai izango dira.

Hurrengo pausoa lan hauen guztien artean bat aukeratzea izango da. Horretarako hiru epaimahai izango dira: lehenengoa Udaleko alderdi guztien artean osatutakoa, bigarrena herriko elkarte edo taldeetako ordezkariekin osatua eta azkena herritar guztiek osatuko dutena.
Udalak azaldu duenez, lehenengo epaimahaia, alderdiena, aurreko asteazkenean bildu zen. Gutunazal guztiak ireki eta barruko dokumentazio guztiaren konprobaketa egin zuten.

Elkarteei deialdia

Aste honetan berriz, bigarren epaimahai osatuko da.
Horretarako, herriko elkarte eta taldeei gutunez gonbidapena egin zaie Udaletik hurrengo ostegunean urtarrilak 24 Manuel Lekuona Kultur-etxeko hitzaldi aretora agertu daitezen.

Erakusketa eta internet

Azkenik, urtarrilaren 28tik otsailaren 8ra Manuel Lekuona Kultur-etxeko kafetegian lan guztien erakusketa erakusketa jarriko da.
Honetara hurbiltzen diren herritarrek epaile izateko aukera izango dute haien bozka emanaz.
Honetaz gain, interneten erakusketa birtuala jarriko da eta bozkatzeko aukera izango da.