Wukroren aldeko ultrafondoa egiten ari da Xabier Salillas Hernaniko atletismo pistan. Atzo astelehenena hasi zen eta aurreikusitako 100 kilometro egin zituen. Gaur, beste horrenbeste egiteko asmoa du, goizeko 07:00etan hasi da eta 21:00ak bitartean ez da geratuko. Goizean goizetik Wukroren aldeko Hernaniko taldeko kideak, Anboto tabernako lagunak eta AEKko ikasleek egin dute Salillasekin batera korrika. Gero, arratsaldeko 17:00etan Porrotx eta Marimots pailazoak hurbildu dira Salillas-i animoak eman eta berarekin korrika egitera. Hauekin asko izan dira korrika egitera animatu diren haurrak eta Peio Fadrique herriko kirolaria ere eurekin izan da korrika. Aipagarria da, duela bi urte, 2011ko Aste Santuan Etiopian bertan, Wukro hirian, bisita egin ziotela Angel Olaran Hernaniko misiolariari Lasarte-Oriako pailazoek.
Parte hartze irekia
Jada gaur ere 100 kilometro egitetik hurbil da Xabier Salillas, kilometro gehienak egin ditu jada. Esan bezala, astean zehar biltzen den dirua Wukron Angel Olaranek duen proiekturako izango da. Borondatea jasotzeko kutxa bat jarri dute atletismo pistaren sarreran. Gainera, kirolariek sinatutako kamisetak eta beste hainbat opari zozketatuko dituzte, eta errifak ere salgai daude egunero. Ultrafondo solidarioa igandera arte luzatuko da eta parte hartu nahi duenak izena eman dezake 625 703 656 telefono zenbakian.

