Sorturen hirugarren bilera larunbatean

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urt. 24a, 17:47

Sortuk eratze prozesu herritarra burutu nahi izan du eta horretarako parte-hartzea bultzatzeko asmoz, Euskal Herriko hainbat herrietan batzarrak burutu ditu. Lasarte-Orian larunbatean egingo da hirugarren batzarra Villa Mirentxun, 9:30etan hasita.

Villa Mirentxun izango da hirugarren batzarra ere.
Sorturen eratze prozesurako bi bilera egin dira herrian. Bilera hauek irekiak izan dira eta herritar asko gerturatu da prozesua gertutik ezagutu eta euren iritzia emateko asmoarekin. Orain arte oinarri ideologikoak eta ildo politikoa aztertu dira.

Lasarte-Orian larunbatean egingo da hirugarren bilera eta antolakuntza eredua eta funtzionamendua izango dira eztabaidagai. Bertan landuko dira barne bizitzari dagozkion gaiak, barne mailako demokrazia parte hartzailea, euskararen lehentasuna edo egituraren parekidekotasuna eta baita militantzia motari dagozkionak. Gainera, herrietako, herrialdeko eta nazio mailako egiturei buruz ere hitz egingo da eta Lasarte-Oriako antolakuntzaren inguruan eztabaidatzeko parada izango da. Ildo politikoaren txostenari egindako emendakinak ere bozkatuko dira.

Balorazio positiboa
Batzarren balorazioa positiboa da sustatzaileen arabera. “Bilera hauen metodologia berritzailea izan da, parte hartzeari eman zaio garrantzia eta talde txikietan eztabaidatu da gai ezberdinen inguruan. Oinarri ideologikoari dagokionez, sozialismoa, feminismoa edo euskara tratatu dira eta ildo politikoari dagokionean, independentzia eta sozialismoaren bidea, euskal langile herriak duen betekizunaz besteak beste”.
Otsailaren 23an Sortu talde politikoaren sorrera ekarriko duen I. kongresua egingo du ezker abertzaleak.
Larunbatekoa batzar irekia dela gogoratzen dute eta parte hartzera gonbidatzen dituzte herritarrak.