Pablo Barrio Lasarte-Oriako alkatea, Mikel Amenabar Islada Ezkutatuak taldeko kidea, Arantxa Erasun Euskal Memoria fundazioko kidea eta Xabier Erauskin Lau Haizetara gogoan koordinadorako kideak Lasarte-Orian oroimen historikoa biltzeko egingo den lanari buruzko prentsaurrekoa eskaini dute. Pablo Barrio alkateak adierazi duenez, “herria ez da memoria historikoa ez duen herria; egitura administratiboa izan daiteke, mapetako puntu bat izan daiteke...”
Era honetara, gure herriko memoria historikoa argitzeko Islada Ezkutatuak taldearen asmorekin bat egin du udalak, Lasarte-Orian gerra garaian jazotako gertakariak berreskuratzeko. Horretarako Euskal Memoria fundazioa, Lau Haizetara koordinadorarekin eta Islada Ezkutatuak taldearekin hitzarmena sinatu du lanean lagundu eta informazioa zabaltzeko helburuarekin.
Ezkutatutakoa jakitera
Mikel Amenabar Islada Ezkutatuak taldeko kideak azaldu bezala, 1936an eta ondorengo urteetan “gure herrian izkutatuak izan ziren gertaerak ezagutzera eman nahi ditugu”.
Amenabarrek azaldu legez, taldea aurkeztu zutenean konturatu ziren herrian gerra bizi zuten herritarrak edo herbesteratutakoak ugariak zirela eta haien testigantza edo etxean jasotakoa eman nahi zutela aditzera. Eta hauekin pixkana biltzen ari direla azaldu du. Honetaz gain, eskerrak eman dizkiete eginkizun honetan lagunduko dieten erakundeei.
Justizia egin
Xabier Erauskin Lau Haizetara gogoan koordinadorako kideak Nazio Batuen araudia jarraituz, oroimen historikoa bildu eta egia, justizia eta erreparazioa bilatzen dutela.
Era berean, Lasarte-Orian altxamendu frankista eta diktadura faxista garaian gertatutakoa aztertu eta zabaldu nahia agertu du. Horretarako besteak beste, herrietako artxiboak erabilita gertaerak aztertu eta tokiak arakatuko ditu taldeak. Honetaz gain, Islada Ezkutatuak taldeari eta Udalari haien aholkularitza eskainiko die.
Zabaldu
Euskal Memoria fundazioaren eginkizun nagusia burutzen den lana jakitera ematea, zabaltzea izango da.
“Egia izkutatua izan da eta osatzeko dago oraindik. Lan handia dago egiteke. Baina ikusi dugu garrantzitsua dela ere biltzen dena zabaltzea” azaldu du Arantxa Erasun Euskal Memoria fundazioko kideak. Horretarako hitzaldiak egingo direla aurreratu du.
Era berean, testuingurua eta frankismoak errepresiorako zuen makinariaren argazkia osatu eta azaldu nahi dute, “gaur egungo egoera ulertzeko elementuak bertan daudelako”. Herritarren parte hartzea sustatu nahi dute, “auzolana ezinbestekoa delako, memoria kolektiboa berreskuratzeko”.
Herritarrei deialdia
Hau guztia gauzatzeko, taldeek eta Udalak deialdia egiten diete herritarrei garai hartako testigantza, dokumentu edo argazkiak errazteko. Honetarako 695 756 556 telefono zenbakira deitu dezakete herritarrek.
