Hasi mozorroak prestatzen

maider-azurmendi 2013ko urt. 25a, 10:06

Otsailaren bederatzi eta hamarrean ospatuko dira Inauteriak. Aurtengoan Munduko Kulturak da herritarren proposamenetatik hautatutako gaia. Igandean berriz Euskal Inauteriek kolorea emango diote herriari. Hauetan parte hartzea sustatzea du helburu lehenengoz antolatzen dituen Ttakun elkarteak.

Inauteriak bertan dira eta mozorroak prestatzeko garaia iritsi da. Aurten parte hartzea sustatu nahian Inauterietako gaia aukeratzeko proposamenak jaso ziren parte hartze postontzietan baita internet bidez ere.

Proposamen guztiak bilduta, herriko elkarte eta konpartsa ezberdinekin egindako bilera irekian hauek aurkeztu eta denen artean Munduko Kulturak gaia hautatu zuten.

Horrela dagoeneko herriko konpartsa eta koadrilak lanean dira. Amaraun klubeko haurrak, zortzi urte artekoak, tribu afrikarrez jantziko dira eta Gazte klubekoak berriz, ijitoz. Kuadrillategiko gaztetxoak taldeka mozorrotuko dira eta batzuek erabakita dute bikingoz jantziko direla adibidez.

Inauteri parte hartzaileak
Festa hauek herrian indartzeko asmoz, eragile ezberdinak egitarau zabala antolatzen ari dira bilera irekietan otsailaren 9 eta 10eko astebururako.

Iaz egin bezala, asteburu honetarako balkoiak dotore apaintzeko deia ere luzatu da Festak batzordetik herria girotzeko asmotan.

Larunbatean goizean 12:00etatik txaranga ibiliko da herrian zehar eta Okendon festari hasiera emango zaio. Ohi bezala konpartsa ezberdinek prestatutako dantza eta esketxak ikusteko aukera izango da hemen.
Karpan 14:30etatik aurrera bazkari herrikoia egingo da norberak eramandako bazkariarekin. Karpan mahaiak eta aulkiak jarriko dira hau gauzatu ahal izateko eta herriko koadrilak animatzen dituzte bertan parte hartzera.

Desfile irekia
Arratsaldean Zabaletakoek 16:30ean txokolatea banatuko dute Okendon eta ondoren 17:00ak aldera konpartsen desfilea abiatuko da Okendotik iazko ibilbidea eginez.

Gogoratu nahi da desfilea irekia dela eta konpartsa bat osatzea ez dela beharrezkoa honetan parte hartzeko. Lagun koadrilak zein norbanakoak joan daitezke desfilean. Honekin lotuta, azpimarratzen da desfilean egoteko ere mozorroak ez duela derrigorrez gai nagusiarekin bat egin behar.
Honen ostean, 19:00ak aldera, Gazte Klubekoek bingo handia egingo dute Okendon.

19:00etatik aurrera Dinbi Bandako batukada arituko da herriko kaleak girotzen eta 20:00etan plazan ere erromeria egingo da Amalurreko trikiti eta pandero eskolakoen musikaren laguntzaz.
Gauean berriz, parranda bota nahi dutenentzat karpan disko festa egingo da.

Euskal Inauteria
Igandean Euskal Inauteria egingo da. Aurten lehenengo urtez, Ttakunek antolatuko ditu 30 urtetan antolakuntzan aritutako taldeak lekukoa pasa ondoren. “Euskal Inauterien ohiko ekimenak galdu gabe, berrikuntzak sartu nahi izan ditugu festa herrikoiagoa, parte hartzaileagoa izan dadin”.

Berrikuntzak asko izango direla azpimarratzen da Ttakunen baitan antolakuntzan ari den lan taldetik. Besteak beste, “aurreratu daiteke Okendo plazan goizean mokadu bat egiteko aukera izango dela eta jaia”. 12:00etatik aurrera txorizo pintxoak, salda eta sagardo dastaketa egin ahal izango da eta euskal inauterietako doinu herrikoiekin dantzatu.

Herritarrei jaian murgiltzeko gonbitea luzatu nahi zaie “goizean festa giroa nagusitzea nahi dugu, ez dira dantzak jakin behar parte hartzeko”.

Mozorro errazak
Honekin batera elkartetik Euskal Inauterietako txantxo mozorro ezberdinak prestatzeko animatzen dituzte herritarrak. Hauek erraz egiteko moduak eskuragarri jarriko dira Txintxarri.info atarian eta herritarren artean banatuko diren eskuorrietan.

“Oso erraz egin daitezke mozorroak, ezaugarri bereziena aurpegia estalita eramatea da eta txanoa, lastozkoa edota kartulinarekin egindakoa izan daiteke”, herritarrei mozorroak egiteko tresnak emanaz, parte hartzea handitzea sustatu nahi da.

Ohi bezala arratsaldean dantza egingo da 17:30ean, aurten Okendotik abiatuta eta hau amaitzean hartza erreko da plazan bertan.

Ttakunetik dei berezia egiten da Euskal Inauterietan haur zein helduek parte har dezaten “Euskal Inauteriko pertsonaia ezberdinak ekarri nahi ditugu eta jai giroan herrian festa sustatu. Horretarako ondo pasatzeko gogoa besterik ez da behar”.

Oraindik egitarauak guztiz zehaztu gabe daude beraz aldaketak suerta daitezke datozen egunetan. Bitartean joan mozorroak prestatzen Inauteriak iritsi dira eta!