“Ondo prestatuta dauzkat zaldiak”

jon-altuna-iza 2013ko urtarrilaren 25a

Hasi da aurtengo zaldi lasterketa herrikoien denboraldia eta Pepenea baserriko Xanti Telleriaren Estai behorra nagusi izan da lehen bi probetan. Bere lagun Jose Manuel Martinek gidatuta, Estaik irabazi ditu Getariako Malkorbe hondartzan urtarrilaren 13an eta Donostiako Ondarreta hondartzan urtarrilaren 20an egin ziren lasterketak. Xanti berak darabilen Indar zaldia aldiz hirugarrena izan zen Getarian eta bigarrena Donostian, baina seguraski bukatu da bere ibilbidea Ondarretan tendoia hautsi zuen eta. “Beste bat bilatu beharko dut” esan digu Xanti Telleriak.

Zaldi eta behorrak ondo prestatuta dauzka Xanti Telleria Usurbilen bizi den lasarteoriatarrak. Horixe da bere zaletasun nagusia eta ondo gobernatuta dauzka odol garbiko zaldi ingelesak. Orain atseden hartuko dute martxoan Zumaia eta Lekeitioko hondartzetan egingo diren probetara arte. Gero, udan egingo dira belar gaineko txapelketa herrikoiak.

bost urtetan jada lau zaldi kendu ditut, “Indar” bosgarrena izango da. Nahikoa egin zuen igandean min hartu eta bigarren amaitzearekin.



Ondo preparatuta dauzkazu zaldi eta behorrak...
Ahal dena egiten dugu. Ondarretan “Estai” aurrena, “Indar” bigarren eta “Luz” laugarren izan ziren.

Zaldi berria daukazu “Indar”?
Bai, 5 urteko zaldia, odol garbi ingelesa, baina tendoia hautsi zuen Donostian eta kendu egin beharko dut.
2012an, Lekeitioko proban irabazi nuen Indarrekin. Gero ia urte osoan geldi eduki eta orain bigarren izan da Donostian eta hirugarren Getarian. Pena da, baina kendu egin beharko dut. Orkatila hautsita zuen Hipodromoan erosi nuenean, baina oso ondo zebilen.

“Estai” behorra, berriz, esperientzia handikoa da. Aurten bi probatatik biak irabazi ditu...
Bi, ez, guztira, azken hamar karrerak irabazi egin ditu. Iaz denak eta aurten bi segidan.

Zenbat urtetan ibiltzen dira ondo zaldi-behor hauek?
12 urtean gutxi gorabehera, gehienez 15 urtean. Getarian bigarrena geratu zen Eneko Urbietaren Airon zaldiak baditu 12 urte eta ondo dabil. Donostian hirugarrena izan zen.

Beraz “Estai” urte batzuetarako badaukazu...
Hankaren bat ez bazaie hausten edo horrelako ustekabe edo ezbeharrik ez bada, bai, baina beti izaten dute zer edo zer. Arrisku handia izaten da horrelako probetan. Pentsa, bost urtetan jada lau zaldi kendu ditut, “Indar” bosgarrena izango da. Nahikoa egin zuen igandean min hartu eta bigarren amaitzearekin.

Badituzu zaldi batzuek ezta?
“Luz” zaldiarekin dabil Ander Iruretagoiena antiguotarra, laugarrena izan zen igandean eta Getariako kontsolazio proba irabazi zuen. Bestalde, “Kalimotxo” izenekoa hipodromoko probatarako daukat, Hipodromoko lasterketetan parte hartzen du. Imanol Mugika iloba ere ibiltzen da lasterketetan eta hark baditu beste hiru.

Jose Manuel Martin lagun ona daukazu lasterketetarako, ondo dabil zaldi gainean...
Bai, ondo prestatua dago, Hipodromoan entrenatzen da eta. Ia 50 urte dauzka eta zahartzen ari da pixka bat, baina oraindik ondo dabil. Bi lasterketak irabazi ditu.

Zu zeu ere ondo zabiltza?
Bai, nahikoa ondo.

Kilo gutxi behar izaten da, ezta?
Bai, ahal den gutxiena. Arina behar da zaldi gainean ibiltzeko. 64-65 kilotan, hor ibiltzen naiz.

Sustorik edo erorketa larririk izan al duzu?
Sustoak asko eta batzuk serioak ere bai. Duela bi urte eskumuturra hautsi nuen erorita eta gero, gutxira, Valladolid-en bizkarrezurrean hartu nuen min, orno bat hautsi nuen. Arriskua badauka honek eta ezbehar batzuk izan ditugu.

Hala ere zaletasun handia daukazue...
Hor ibiltzen gara, beti uzteko baina segitzen dugu.

Krisia nabaritzen al da? Gastu handia al daukate zaldiek?
Bai gastu dezente. Batez ere puntan ibiltzeko. Batetik prestaketa eta bestalde zaldiei ematen dizkiegun bitamina eta abarrak. Zaldien jabe batzuek ez dute hainbeste gastatzen, baina nik topera dauzkat jarrita. Ondo gobernatu eta entrenatuak.

Zaldi askok parte hartzen al du proba herrikoietan?
Euskal Herriko hainbat tokitako 20 bat zaldi ziren Getarian, eta Donostian Gipuzkoa eta Bizkaiko, 12.
Gero udan belarretan antolatzen dira proba batzuek, zer nahiago belarra ala hondarra?
Guretzako errazagoa da hondarretan, hondartzetan arrisku gutxiago izaten da. Belarretan abiada handiagoan ibiltzen gara eta eroriz gero kolpea ere handiagoa da.

Euskal Herritik kanpoko probatara joaten al zara?
Valladolid eta Bartzelonara joan izan naiz bizpahiru aldiz, baina ez daukat gogo handirik. Hemengo probetan ibiltzen naiz gustura.

Hipodromoan zer moduz?
Hor gutxitan ibiltzen naiz, baina gogor entrenatzen ari naiz “Kalimotxo”.

Zer moduz zaldi eta behorrak lasterketetara eramateko?
Neronek eramaten ditut erremolkean. Ondo. Ez dute animaliek min hartzeko arrisku handirik. Erremolkeak prestatuta daude gaur egun horretarako, bakoitza bere departamentuarekin. Ez da arazorik izaten.