LOKEko atleten domina uzta Gipuzkoako txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urtarrilaren 25a

Kadete, jubenil eta junior mailako Gipuzkoako txapelketak izan ziren lehengo asteburuan. Herriko atletek lan bikaina egin zuten. Lau atleta Gipuzkoako txapeldun izan ziren modalitate desberdinetan eta Rodriguez, Busto eta Ormazabalek Espainiako txapelketetarako txartela eskuratu zuten.

Emaitza onak lortu dituzte kadete, jubenil eta junior mailako Gipuzkoako txapelketan.
LOKEko atletek domina eta marka uzta ederra egin zuten lehengo asteburua kadete, jubenil eta junior mailako Gipuzkoako txapelketan.
Emaitza aipagarrienak Itoitz Rodriguez eta Eneritz Bustok lortu zituzten.
Rodriguezek 200 eta 400 metroetan Gipuzkoako txapela irabazi zuen, 23.17 eta 51.41 segundoko denborak eginez hurrenez hurren
Bustok berriz, hiru urrezko domina erdietsi zituen. 60 metro hesi-lasterketan 9.41eko denbora egin zuen, altuera jauzian 1,59 m. eta 60 metroetan 8.28 seg.
Era honetara, LOKEko lagunek jakitera eman dutenez, txapelketan egindako denbora eta markekin Antequeran martxoaren 3an izango diren Espainiako txapelketetan izango dira biak.
Domina gehiago
Baina ez dira domina eskuratu edo markak egin zituzten bakarrak izan.
Idoia Olasagastik 300 metroetan Gipuzkoako txapeldun berria da eta luzera jauzian eta 60 metroetan brontzea eskuratu zuen.
Ane Galardik, berriz, luzera jauzian eta hiruko luzera jauzian gailendu zen.
Eta Yeray Veroniz gazteak 60 metroko proban bigarren izan zen.
Gutxieneko markei dagokionez, Gaizka Ormazabal atleta otsailaren 9an Donostian egingo diren promesa mailako Espainiako txapelketaran izango da 200 m. proban.
Gutxieneko langa 22.90 segundotan zegoen ezarrita, eta 22.62ko denbora zoragarria eginez lortu zuen etxean izango diren Espainiako txapelketan aritzeko eskubidea.
Oso pozik
Pozik mintzo zen Oscar Goikoetxea LOKEko prestatzailea txapelketa amaituta.
“Zoragarri lehiatu dira neska-mutilak, guztira 11 domina atera ditugu eta hori gu bezalako klub txiki batentzat asko da,” adierazi zuen.
“Espainiako txapelketetarako zortzi gutxieneko denbora eginak ditugu jada taldean eta oraindik maila hobea emateko gai dira guztiak,” gaineratu zuen.
Klub artekoa eta babeslea
Era berean, Maider Rekondo eta Maria Eugi atletak Sabadell-en Super Amara BAT taldearekin junior mailako Klub arteko Espainiako txapelketan lehiatzen izan zirela aditzera eman zigun entrenatzaileak.
Maiderrek pisu jaurtiketa proban parte hartu zuen eta Mariak, berriz, 400 m. lasterketan.
Biek lan ona egin zuten eta Super Amara BAT taldea seigarren izan zen.
Hau guztiaz gain, aurtengo denboraldian LOKEko atletismo taldeak babeslea duela ere jakitera eman dute, Rekalde Taberna.
Nazioarteko krosa
Bestalde, asteburu honetan urteroko hitzorduari huts egin gabe, Donostiako Nazioarteko krosa izango da igandean Hipodromoan.
Teklemarian Medhin eritrearra eta Thonas Ayeko ugandarraren arteko norgehiagoka polita ikusi ahalko da gizonen mailan; emakumeen artean, berriz, Sofia Assefa etiopiarra eta Milcah Chemos kenyarra dira faboritoak. Baina nazioarteko atletez gain, lurraldeko atletak ere izango dira lehian, hala nola, Ivan Fernandez gasteiztarra, Antonio Jimenez Pentinel, Diana Martin edo Lidia Rodriguez.
Nagusien mailako lasterketa 12:50ean izango da eta aurretik, 10:50tik hasita, maila ezberdinetako lehiaz gozatu ahalko da.
Eta lasterketaz gain, ibilgailu klasiko ikusgarrien III. edizioa izango da aparkalekuan. 25 urte baino gehiagoko kotxeak ikusgai izango dira.
Sarrerak 10 euro balio ditu eta 12 urte baino gutxiago dituzten haurrak doan sartu ahalko dira.