Lasarte-Oriako Udaleko Gizarte Zerbitzuek eta Sahararen Lagunak taldeak antolatuta, bideo-foruma egin zuten kultur-etxeko hitzaldi-aretoan ostiral arratsaldean.
Bertan, Javier Bardem zuzendariaren “Hijos de las nubes” dokumentala ikusteko aukera izan zuten eta ostean, Gorka Lizarraga zinegotziak eta Yaiza Ruiz herritarrak Mendebaldeko Sahararen errealitate gordina azaldu zieten bertaratu ziren dozenaka ikusleei.
Aipatu zutenez, urtero egiten den Sahara Maratoia bertan behera geratu da eremuko gatazkak direla medio, eta beraz, ezin izango dute bide horretatik errefuxiatu kanpamenduetara laguntzarik bidali. Hori bai, urtero bezala euskal karabana aritu da janaria biltzen herri ezberdinetan eta bildutako guztia sahararrei irits dakien saiatuko direla azpimarratu zuten.
Programaren helburuak
Hiru helburu nagusi ditu “Oporrak bakean” programak. Batetik, kanpamenduetako haur populazioari udako bi hilabete gogorretatik irtetea posible egitea (50 gradutik gora izaten dituzte Saharan). Bestetik, Euskal Herriko egonaldia mediku azterketa orokorrak egiteko baliatzea eta azkenik, errekuperazio fisikoa gauzatzea elikadura orojakile bat aurrera eramanaz.
Bizitako esperientzia
Yaiza Ruiz Sahararen Lagunak taldeko kideak aipatu zuenez, esperientzia “oso aberasgarria” da bai familientzat baita umeentzat ere. “Daukazuna baloratzen ikasten duzu, eta ditugun arazoak erlatibizatzeko aukera aparta da”, zioen ziur.
Dirua baino gehiago “pazientzia, ilusioa eta moitibazioa” behar direla azpimarratu zuen eta egonaldia “berehala” pasatzen dela ohartarazi zien entzuleei.
Aaiungo kanpamendutik etorritako Mbarek Hamyd-ek azaldu zuenez, bertako errealitatea “latza” da, gerra egoera eta laguntza humanitaroen jaitsiera aipatu zituen besteak beste, eta haur sahararek beste mundu bat bizitzeko eta gozatzeko “eskubidea” dutela esan zuen.
Kontakturako bideak
Ume sahararrak etxean hartzeko interesa duena harremanetan jar daiteke Lasarte-Oriako Gizarte Zerbitzuekin (943 37 61 79) edota herriko Sahararen Lagunen Udal Elkartearekin (607 501 797). Bestalde, twitter (@saharalasarte) eta facebook (facebook.com/sahara.lasarteoria) kontuak ere jarri dituzte abian ekimena zabaldu asmoz. Email bidez (saharalasarte@gmail.com) ere jar daiteke harremanetan Sahararen Lagunak taldearekin. Herritar guztiak animatu nahi dituzte esperientzia “ahaztezinean” parte-hartzeko.

