Herriko eskoletan eskaintza zabala

maider-azurmendi 2013ko urtarrilaren 28a

Lasarte-Oriako hezkuntza eskaintza zabala da eta matrikulazio epea irekitzearekin batera, herrian dauden ikastetxe guztiekin harremanetan jarri gara euren eskaintza hurbiletik ezagutzeko asmoz. Denek amankomuneko ezaugarriak dituzte, ikasleen beharretara egokitutako hezkuntza sistema euskalduna eta kalitatezkoa lantzen dituzte.

Intitutuko ikasleak iaz euren diploma banaketan. Honetarako taldea bildu eta ekitaldi berezia izan zuten.
Herrian bada hezkuntza eskaintza zabala eta aukera horren inguruan solasean aritu gara herrian dauden ikastetxeetako zuzendariekin. Datorren ikasturterako duten eskaintzaren berri eman eta berrikuntzak azpimarratu nahi izan dituzte.

Herriko hezkuntza ibilbideari dagokionez, 0-3 urte artekoentzat haur-eskola munizipalean, Andre Joakina-Enean hasten da, ondoren Haur Hezkuntza, 2-5 urte, eta Lehen Hezkuntza burutzeko 6-11 urte artekoa, Landaberri eta Sasoeta-Zumaburu eskolak daude aukeran. Bi eta hiru urterekin eskolan hastea egokitzen zaien haurrak 2010 eta 2011 jaiotakoak dira aurten.

Seigarren maila bukatuta, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak gauzatzeko Landaberri BHI eta IES Lasarte-Usurbil BHI-ra jo dezakete Lasarte-Oriako gaztetxoak eta azkenik, batxilergoko ikasketak egiteko, 16-18 urte bitartean, IES Lasarte-Usurbil BHI-n legoke aukera. Honetan eskaintzen diren batxilergoak, Giza eta Gizarte-Zientziak eta Zientziak eta Teknologia dira.

Euskara nagusi
Herrian dagoen hizkuntza ereduari dagokionez, D eredua da Lehen Hezkuntza amaitu artean bi ikastetxeek eskaintzen dutena, hau da, dena euskaraz. Izan ere “esperientziak erakusten duenez, D ereduaren bidez iristen da gaztelaniarekin batera euskara egoki menderatzea eta haurra elebidun bihurtzea”.

DBH eta Batxilergoa egiteko aukeran berriz euskara eta D eredua apustua izan arren B eredu elebiduna eskaintzen da baita Landaberri BHI eta IES Lasarte-Usurbil BHI-n ere, “euskara ongien menderatzeko aproposena D eredua da”, argitu dute.
Andre Joakina Enea 0-3 urte arteko eskaintza dago herriko txikienentzat

Euskal identitatea sustatuz
Sasoeta-Zumaburu eskolan, bere zuzendariaren hitzetan “antolakuntza berria eskaintzen saiatu gara azken bi urteetan. Haur euskaldunek eskolaratze prozesu egokia izan dezaten modelo berria garatu dugu”. Ez da lan erraza izan Marga Iturriza zuzendariak azpimarratu moduan, izan ere eskola honetan tradizionalki ez dira izan haur euskaldunak”. Azkeneko urteetan, talde bat matrikulatu zen eta haur hauei euren hizkuntza perfilagatik dagokien hezkuntza prozesua eskaintzea oinarrizkoa zen”.

Diseinu hau egiterakoan saiatu dira orain arte zabalduenak zeuden bi modeloak gainditzen. “Kasu batzuetan haur euskaldunak beste taldeetan integratzen ziren besterik gabe, eta orduan bere hizkuntza ezaugarriak edota euskaldun nortasuna eraikitzeko aukerak galdu egiten zituztela iruditzen zitzaigun. Beste aukera zen haur euskaldunekin talde bat osatzea”. Hau ere ez zitzaien egokia iruditzen euskaldunak ez ziren haurrekin ez elkartzea ekar zezakeelako eta bi haur multzo ezberdin sortu eskola barruan. Irtenbide aproposago bat garatu nahian “alde batetik haur euskaldunei euren euskal nortasun hori mantendu, eraiki eta aberasten joateko tresnak eman eta aldi berean, beste ikasleekin planifikazio baten bidez, harremanetan jartzen, banaketa saihestuz alegia, ikasle hauek erreferente izatea bilatu dugu. Izan ere, denentzat nahi dugun helburua da euskaldun izatea”.

Sasoeta-Zumaburun “euskal eskola publikoa garen neurrian, euskalduna, ardura zuzena hartzen dugu, eskolari dagokionez, euskal identitatea eraikitzeko prozesuan. Eskola den neurrian, ikaste-irakaste prozesua berritu eta egokitzen saiatzen gara gizarteak, gurasoek, haurrek planteatzen dituzten erronkei moldatuz. Eta publikoa, gure eskolan haur guztiak hartzen ditugulako, trabak jarri gabe. Izaera solidarioa eta integratzailea dugu”.

Aipatzekoa da ere eskolaz kanpoko ekintzak burutzen direla eta gurasoek dutela hauen antolaketaren ardura. Euskaraz egiten dira ekintzak eta alderdi ludikoa behar dute izan, sortzaileak. Aurten adibidez ingeles tailer bat jarri da martxan eskaera handiari erantzuna emateko.

Jarraikortasuna
Landaberrin hiru etapa eskaintzen dira, Haur Hezkuntza 2 urtekoetatik hasita, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza. Ibilbide horretan, eraikin desberdinetan izaten dira haurrak. Hezkuntza programaren puntu nagusiak Maria Luisa Urbistondo zuzendariaren arabera “herrian, Lasarte-Orian, integratutako ikastetxea gara, euskara eta euskal kultura bultzatzen dituena eta helburua haur eta nerabeen garapen integrala lortzea da, giza baloreekin konprometiturik, eta etorkizunak eskatuko dizkien gaitasunez horniturik”.

Hezkuntza programaz gain, burutzen diren ekimenei garrantzia ematen diete Landaberrin “gure ohiturak indartzen saiatzen gara, Gabon ingurukoak, Santa Ageda, Inauteriak… eta horiekin batera herri mailan, ikastolan bertan eta euskararen inguruan antolatzen direnetan partaide izaten gara Euskararen Maratoia, Korrika…”.

Eskolaz kanpoko ekintzetan bi multzo, “alde batetik kirolarekin zerikusia dutenak beti adin bakoitzera egokituak, eta bestetik dantza-antzerki-espresioaren arlokoak”.

Etorkizunera begira
Azken etapa Batxilergoa da ikasten jarraitu nahi duten gaztetxoentzat. Lasarte-Usurbil BHItik azpimarratu moduan euren hezkuntzan abiapuntua ikaslea eta bere baliabideak dira. “Ikasle bakoitzak bere nortasuna eta bere ahalmenak ditu eta gure asmoa bakoitzari, ahal den neurrian, behar duen ikasketa programa ematea da”. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan hori ezinbestekoa omen da, “eta horretarako antolatzen da errefortzu sistema eta taldeen egitura malgua”. DBHn bi helburu nagusi dituztela diote “nerabezaroan hain garrantzitsua den heziketa integrala eman, bakoitzaren nortasuna sendotzen lagunduz eta gazteak etorkizunean izango dituen erronka akademikoei aurre egiteko prestatuz”.

Batxilerrean berriz asmoa bikoitza da Karlos Kortabarria zuzendariak dioenez,”ikaslearen orientazioak berebiziko garrantzia hartzen du urte hauetan, nolako ikasketak egingo dituen batxilerra amaitu ondoren erabaki ahal izateko, eta honekin batera ikaslearen prestakuntza akademikoa bermatzea, gero jarraituko dituen ikasketetan arrakasta izan dezan”.

DBH eta batxilergoan “gai eta alor bakoitzean ahalik eta mailarik hoberena lortzea oso garrantzitsua da, horrek erraztu eta lagunduko baitio gazteari ondoren jarraituko duen ibilbidean, baina arreta berezia jarri behar diogu ikaslearen heziketari bere arlo pertsonalean. Pertsona eta hiritar bezala hazten ari den momentu honetan bere inguruan guraso eta familiaren laguntzaz gain, eskolan gauden irakasle, tutore eta orientatzaileen ardura, hurbiltasuna eta konpainia jasotzea funtsezkoa da”.

Lasarte-Usurbil BHIn azpimarratzen dutenez euren hezkuntza programa ez da klaseetan amaitzen, eta hainbat jarduera antolatzen dira ikasturtean zehar kirola, historia eta artea, hizkuntzak natur zientziak edota teknologiarekin zerikusia dutenak. Horretaz gain, garrantzia berezia ematen diote liburutegiaren erabilerari “goiz eta arratsaldez irekia dagoenez, klase orduak amaituta aukera ematen zaio ikasleari bere lanak, kontsultak eta abarrekoak egiteko”. Bestalde, orduz kanpo, hainbat kirol jarduera antolatzen dira, aurten aerobic, boleibol, areto futbola baita dantza eta antzerkia ere.

Honekin guztiarekin guraso eta gaztetxoen txanda da. Eurei dagokie aukeraketa, hori bai, denek ongi deritzote haurrak datorren irailean bere heziketa herriko ikastetxe batean hasteari, “beren familia, kultur eta gizarte-ingurutik hurbilago dagoen giro batean hazteko aukera izango dute eta bere inguru naturalarekiko lotura estuagoa duen heziketa jaso ahal izango dute, 18 urte artekoa, kalita