Itsaspeko zinemaren nazioarteko II. zikloa otsailaren 4tik 18ra

jon-altuna-iza 2013ko urtarrilaren 28a

Azken urteotan grabatutako itsaspeko zinema filme ikusgarrietariko batzuek eskainiko dira otsailaren 4, 11 eta 18an kultur etxeko areto nagusian. Besteak beste Indonesia, Guadalupe eta Thailandian jasotako urpeko irudiak ikusi ahal izango dira bigarren aldiz antolatu duten Lasarte-Oriako Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloan. Elkarlanean antolatu dute egitasmoa eta eguerdian aurkeztu dute Kultur Etxean bertan Danok Kideko, Donostiako Real Sociedad-en Itsaspeko Saileko eta Udaleko Kultura Saileko ordezkariek.

Nano Cordovilla Real Sociedad-eko urpekaria eta Boris Nogales Kultur zinegotzia Itsapeko Zinema II. Zikloaren aurkezpenean.
Datorren astelehenean hasita hiru astetan munduko hainbat itsasotan urpean grabatutako filmeak eskainiko dira kultur etxean arratsaldeko 19:30etan. Sarrera doan izango da eta 60 minutu inguruko saio bakoitzean, lehenengo filme laburrak eskainiko dira eta ondoren filme luzea. Gero, gainera, ikusleek adituei galderak egiteko aukera izango dute.

Gaur eguerdiko aurkezpenean izan dira Danok Kideko Endika Amilibia eta Jose Luis Navarro, Real Sociedad-eko Nano Cordovilla eta Kultura Saileko Boris Nogales eta Xabier Goitia. Nano Cordovilla urpekariak nabarmendu duenez honelako zikloetara denetarik ekartzen saiatzen dira. Horrela batetik Euskal Herriko zenbait pelikula labur eskainiko dira eta nazioarte mailan sarituak izan diren pelikula luze interesgarri batzuek ere bai.

Boris Nogalesek aurkezpenean adierazi duenez iazko arrakastaren ondoren beharrezko ikusi dute berriro antolatzea. Dena den, aurreratu du era honetako zinemaren “gaur egungo errealitatea zein den jakinda, filma guztiak gazteleraz izango direla, Hondarribia filme laburra izan ezik”.

Otsailaren 4an emango da “Hondarribia” kostaldeko herri honetan grabatutako 5 minutuko filma euskaraz. Nano Cordovillaren iritziz, “maila ikusgarria ez badu ere bi helburu betetzen ditu filmeak, gure kostaldeko irudiak eta euskaraz izatea”. Ondoren Peter Schneider zinemagilearen “Al Futaki” 5 minutuko filma eskainiko da: Japonen marrazoekin grabatutako irudiak dira. Eta azkenik Bluescreen taldeak iazko Donostiako Nazioarteko zinemaldian aurkeztu zuen "Thailandia" pelikula. Irudi ikusgarriak grabatu dituzte Thailandian Indiar Ozeanoan, bizitza osoa itsaspeko grabaketa lanetan diharduen eta iaz “Lo imposible” pelikulan lan egin zuen taldeak.

Hurrengo astelehenean, hilaren 11n, beste hiru filme eskainiko dira Kultur Etxeko areto nagusian 19:30etan. Donostian saritu zuten Peter Schneider-en “Cry for Love” izurde basatiekin grabatutako 5 minutuko filma, Mina Mari, Andoni Asenjo euskaldunak Bermeotik gertu grabatutako 11 minutuko filma eta Christian Petron frantziarraren 47 minutuko “Guadalupeko Tiburoi Zuriak” pelikula. Azken bi filmeak azpimarratu ditu Cordovilla antolatzaileak, batetik Donostian euskal dokumental onenaren saria jaso zuen Miramari, “Bermeoko portutik 3 millara hondoratutako ontziaren ingurua, 30-35 metro ur azpian, leku ederra da urpekarientzat, gure kosta, gure itsasoa eta gure historia ageri dira” eta bestetik Marsellan munduko zinemaldirik garrantzitsuenean Urrezko maskorra jaso zuen pelikula, Guadalupeko marrazo zuriei buruzkoa.

Azkenik hilaren 18an bi filme eskainiko dira. Batetik, Donostian urrezko barandilla jaso zuen “Neskato baten mezua” 5 minutu eta erdiko pelikula. Carlos Villoch euskaldunaren filmean, itsasoetako arazoa kontatzen du neskatxa batek. Ondoren Ondinesia Bruno van Herck belgiarraren 50 minutuko pelikula emango da, urpekarien paradisua den Indonesian grabatutakoa. Bertako, 17.000 irlatan biltzen dira itsasoetako espezie gehien.

Bukatzeko, itsasoa zaindu beharra eta horretarako herriko haurrek itsasoaren edertasuna ezagutzearen garrantzia goraipatu dute antolatzaileek. Nano Cordovilla urpekariak adibide bat jarri du, "3-4 kilo ganba hartzeko golde bat pasatzen dute itsasoaren azpian, eta hori 3-4 kilo onddo hartzeko Aralarreko arbolak moztearekin alderatu daiteke".