PSE, EAJ eta PPko ordezkarien aldeko botoarekin Jesus Zaballos aukeratu zuten aurreko ostiralean 5. edukiontzia martxan jartzeko batzorde berriko lehendakari, batzorde honek egin zuen lehenengo bileran. Bildu eta Hiritarren Plataformako ordezkariak, aldiz, abstenitu egin ziren.
Jesus Zaballosek prentsaurrekoan nabarmendu du Udal batzarrak 5. edukiontziaren batzordea sortzeko erabakia hartu eta sei hilabetera, “PSEk behin eta berriro erreklamatu ondoren, azkenean, alkateak ostiralean deitu zuen lehen bilera, batzordea osatu eta lehendakaria aukeratzeko”.
Udal Gobernuak batzordeari traba gehiago ez jartzea espero duela adierazi du PSEko ordezkariak, “sortzeko sei hilabete behar izan dituela eta martxan jartzeko 2012ko aurrekontuan aurreikusita zeuden diru-kopuruak ez direla gauzatu ikusita”.
Bestalde, Zaballosek argi utzi nahi izan du, “5. Edukiontziaren Batzordeko lehendakari izateagatik Udalak ezarritako 881,88 euroak ez ditudala jasoko, Zerbitzu Publikoetako Batzordeko lehendakari Prieto andereak, jasotzen duen bezala”. “PSErentzat garrantzitsua ez da hori, baizik eta hiri hondakinen arloan zorrotz lan egitea” gehitu du.
Zaballosen iritziz, batzordea beharrezkoa da hiri hondakinen Gipuzkoako eta Lasarte-Oriako arazoei irtenbidea emateko. “Bilduk Gipuzkoako herrietan martxan jarri nahi duen atez ateko sistemaren aurka gaude argi eta garbi. Beraz, sistema hori jarri ez dadin lan egingo dugu eta sistema egoki eta eraginkor gisa 5. edukiontziaren alternatiba aztertu” .
Prentsaurrekoan Zaballosek aurreratu duenez, “nire asmoa 5. edukiontziaren sistema jartzeko Gipuzkoako herrietan egon diren modu ezberdinak aztertzea da, horrela gure herrirako egokiena aukeratu ahal izateko. Beraz otsaileko bileran eztabaidatu eta onartzeko, batzordearen funtzionamendua finkatuko duen proposamena prestatzea izango da ondorengo pausua”.
