Maite Rueda entrenatzaileak azaldu digunez lehen lehiaketa hau kontaktu saioa da. “Ezin da jakin zer aurkeztuko duten arerioek eta zein mailatan lehiatuko garen,” aurreratu digu.
Eta sailkapena lortzea zaila izango dela aipatu du, “lehiakide asko dago. Kadete mailan 24 dira eta jubeniletan 13. Zaila izango da bai bakarka baita taldeka ere sailkatzea. Gainera, urtero lehiatzeko maila asko igotzen ari da”.
Honela, bakarka zein taldeka lehiatuko dira Maite Ruedaren neskak maila ezberdinetan.
Lehiaketako lanak
Bakarka kadete B mailan Ainara Apezteguia eta Ariane Aguado izango dira. Jubenil A mailan Aizpea Arroyo lehiatuko da eta bigarren urtez senior A mailan, Garazi Gomez gaztea egongo da.
Lehenengo lehiaketa honetan, kadete eta jubenil mailan, uztaiarekin egin beharko dute lan. Garazik berriz, borrekin egindako lana aurkeztu beharko du.
Bestalde, kadete B eta jubenil B mailako taldeak ere izango dira Bergaran. Hauek bi lan aurkeztuko dituzte, kadeteek uztaia eta pilotarekin eta jubenilek uztaia eta borrekin.
