Juniorrak ederki lehiatu ziren

Nerea Eizagirre 2013ko otsailaren 1a

Junior mailako Gipuzkoako txapelketa izan zen lehengo asteburuan LOKEko mutilak ederki lehiatu ziren eta bi domina eskuratu zituzten. Bestalde, infantilak ere lan polita egin zuen Eskola Kirola egitasmoko sailkapenean.

Junior txapelketan eta Eskola Kiroleko sailkapenean parte hartu zuten judokek. Arg: Gorka Aristegi.

LOKEko judokek Junior mailako Gipuzkoako txapelketa eta Eskola kirola egitasmoko bigarren sailkapen saioa izan zituzten urtarrilaren 26an larunbatean, Lezon. Gorka Aristegiren gazteak ederki egin zuten borroka eta bi domina ekarri zituzten herrira.

Zilarra eta brontzea

Lehenik, Gipuzkoako Junior txapelketa izan zen. LOKEko Esteban Martinez eta Josu Olmos gazteak bigarren eta hirugarren izan ziren, hurrenez hurren.
Esteban Martinezek 73 kilo azpiko mailan hiru borroka irabazi eta bat galdu zituen eta zilarrezko domina eskuratu zuen. Gorka Aristegi entrenatzaileak aipatu digunez, “oso ondo aritu zen benetan”.
Josu Olmosek eskuan izan zuen 60 kilo azpiko mailako bigarren postua, baina LOKEko entrenatzaileak adierazi digunez, “azken momentuan galdu zuen finalerako borroka”. Eta ondoren, brontzezko domina eskuratu zuen.
Esteban eta Josuz gain, Fermin Balda eta Oscar Garrido kadeteak ere izan ziren txapelketan.
Gorka Aristegi entrenatzailearen hitzetan, “Fermin Baldak oso borroka ona egin zuen. Baina epailearen erabaki arraro baten ondoren galdu egin zuen. Denen iritziz bera zen irabazlea. Oscar Garridok, berriz, ondo egin zuen baina ez zuen zorterik izan”.
Hauentzako baliagarria izan zen txapelketa aste honetan duten kadete mailako Gipuzkoako txapelketarako.

Eskola kirola

Junior txapelketa amaitzerakoan, Eskola kirola egitasmoko infantil mailako sailkapen saioa izan zen.
Honetan, Talib Vergara eta LOKEn entrenatzen duen Eneko Eizagirre oriotarrak hirugarren postua lortu zuten bakoitzak bere mailan.