
Ander Lizarralde, Unai Muñoa, Imanol Kamio eta Aitor Atxega Koldo Mitxelena liburutegian egindako aurlezpenean. Arg: Txema Valles.
Ander Lizarralde eta Unai Muñoa bertsokideak izateaz gain oso lagunak ere badira eta duela bi urte ideia bat izan zuten, haien barne munduari buruzko emanaldi bat egitea. Ideia garatu, musikaz, antzerkiaz eta umoreaz jantzi eta “Ez gara Palestinaz ari” lana aurkeztuko dute bihar Aitor Atxega eta Imanol Kamio musikariekin batera Bastero kulturgunean. Unai Muñoarekin izan gara ekimen berezi honi buruz gehiago jakiteko.
Bihar duzue “Ez gara Palestinaz ari” ekitaldiaren aurkezpena...
Bai, horrela da. Basteron estrenoa egingo dugu, arratsaldeko 20:00etan eta hori izango da lehenengo proba.
Oraindik ez da oso ezaguna, aste honetan hasi gara egurrean batekin eta. Hala ere, beste saio batzuk baditugu lotuta, Oiartzunen, Laraulen, Itziarren... Lasarte-Orian ere zerbait egiten saiatuko gara. Billabonatik ere zerbait esan digute. Badauzkagu dozena erdi bat emanaldi.
Nola definituko zenuke “Ez gara Palestinaz ari”?
Lagun batek ikusi du eta biluzte artistikoa bezala definitu du. Eta oso egokia iruditzen zait.
Artistikoki gehien bat bertso musikatuak dira, baina ondo kantatzen saiatuko gara eta hor hartzen dugula kantari itxura, antzerkia ere egiten dugu eta mezua ez ohikoa da.
Ez dugu esaten originalak garenik, ez dugulako ezer asmatu, baina mikrofonoetatik hainbeste kostatzen zaizkigun egiak esan nahi ditugu. Guk ere gutaz pixka bat hitz egin eta erakutsi nahi dugu. Eta guretzat garrantzitsuena da dena modu polit batean eskaintzea. Bilgarri polit batekin. Eta denboran ere luzeegi izan gabe. Ordu bete edo ordu bete eta hamar iraungo du.
Nondik dator ideia?
Gure barne munduak ezagutu nahi izatea eta gure burua lantzea Ander Lizarralderen eta nire ibilbidean oso ardatz izan da. Gai askorekin identifikatzen gara, gai asko hitz egiten ditugu eta azkenean erabaki genuen hainbat gauza bertsotan jartzea.
Bera hasten da gai bat oso berea, oso intimoa erabakitzen du, nik beste bat eta lehen bertso sorta bat prestatzen dugu bakoitzak eta konpartitzen dugu, iritzia trukatzen dugu.
Beraz, ez da ohiko bertso emanaldia?
Horrela da. Emanaldi hau egiterakoan ez gara abiatu bertso emanaldi bat egin nahi dugu eta ea zer egiten dugun. Ez. Mezutik abiatu gara eta kontatu nahi batetik.
Eta horrek ekarri du ideiaren garapena?
Bai, mezua joan da janzten. Bertsoa berez atera zitzaigun gure bidea delako, baina gero bestelako osagaiak joan dira aparte etortzen.
“Hauek musikaz janzten baditugu indarra hartuko dute,” konturatu ginen. Aitor Atxegarekin hitz egin genuen. Poliki-poliki ikusten genuen emanaldi osoa sakona zela, mami gehiegi zuela eta honi umorea sartu behar geniola. Bertsotan umorea horrelako gaietan “ostras!!” “Eta zergatik ez dugu antzerki pixka bat egiten?” eta hortik sketch batzuk sortzen hasten gara.
Gure buruari barre egiten diogu... Eta umoreak ere mezua du, ez dugu egin egiteagatik. Emanaldiak baditu nire ustez momentu mamitsu sakon eta emotiboak eta baditu momentu umoretsuak. Eta horrekin jolastu nahi genuen pixka bat eta ez izatea zerbait komikoa.
Eta kantagintza indartu nahian lagun bati deitzen diogu bi ahotsetan kantatzeko. Bera pianista da eta pianoa ekartzen du. Konturatzen gara pianoak zenbat janzten duen eta pianoa eransten dugu.
Honela, eskura genituen baliabideekin jantzi da eta emaitzan hori da kuriosoena ze azkenean gureak ez ditugun baliabideak ere hartzen ditugu. Bertsotan ibiltzen gara, baina bat batean kantari bihurtzen gara eta bat batean antzezle bihurtzen gara. Eta alde horretatik esperientzia potentea da.
Zergatik jarri diozue “Ez gara Pakestinaz ari” izena ekitaldiari?
Bereziki gu oso abilak gara filosofatzen eta teorizatzen. Palestina gora eta Euskal Herria behera. Sozialismoa batetik eta feminismoa bestetik, eta hezkuntza eta pedagogia... Eta gai estratosferikoekin bueltaka aritzen gara.
Baina gero gutaz ez dugu hitz egiten eta gure beldurrak ez ditugu partekatzen. Gure intimitateak oso intimora eramaten ditugu, besteei gauzak ezkutatzen gabiltza, besteen epaien beldur...
Nolabait izen horrekin gure ideia azpimarratzea zen, goazen gutaz hitz egitera. Ez gara filosofatzen ari makrogaiei buruz, baizik eta biluztera gatozela.
Zuretaz gain, Aitor Atxega lasarteoriatarrak ere ekitaldian parte hartzen du...
Aitor Atxega dago ia hasieratik. Gu segituan konturatzen gara bertsoak indartu behar ditugula eta orduan musika da burura etorri zitzaigun lehen gauza eta Aitorrengana jotzen dugu. Aitor animatzen da lehen minututik eta lanean hasten gara.
Gero Imanol Kamio dator. Hernaniko piano jolea eta musika eskolako irakasle da eta musika ongi dominatzen duen tipoa.
Aitor eta Imanol guretzat pertsona berriak dira nolabait esateko. Nik Aitor duela aspalditik ezagutzen dut, baina maila honetan ez.
Laurok integratu ginetik etengabe egin dugu lan eta hori ere interesgarria da.
Aipatu duzunez laguntza handia izan duzue...
Guk laguntza eskatzen dugu ez daukagulako segurtasuna hainbat zatitan. Antzerkian ez ginen hain seguru, kantagintzan ere ez. Emanaldi batek, ordu eta hamar irauten du gureak, hari bat izan zezan, ondo ulertu zedin....
Eta hori da prozesu honetan beste zati garrantzitsua, laguntza eskatzen jakitea.
Emanaldia prestatu ondoren, aukeratu genuen dozenako lagun talde bat, tartean zeuden aktoreak, bertsolariak,... espektro zabal bat zegoen eta bakoitzak zer egin bat zeukan bertsolariek testua batik bat, musikariek kantua, antzerki zuzendariek antzerkia... eta ekarpen saio bat egin genuen.
Haiei emanaldia prestatu genien Zarauzko Arrano tabernan eta gero haiek egiten zituzten ekarpenak ordu eta erdiz egon ginen isil-isilik apuntatzen. “Hau gaizki dago eta momentu honetan musikoak tapatzen dituzue, testu honetan ez da hau hain argi ulertzen...”
Ekarpen horiek izan dira azkenik erantsi dizkiogun ekarpenak, gure filtrotik pasata eta emanaldia borobiltzen saiatu gara.
Nolako esperientzia izan da hori?
Esperientzia polita izan da.
Nik laguntza eskatzearen sena eta Joxe Mari Agirretxengandik jaso dut. Haiek ere bere lanetan horrela jokatzen dute eta hori oso aberatsa da.
Eta horrek asko eman digu izan ere, guk eskatu baino gehiago jaso dugu beti. Ramon Agirreri “etorriko zara gure entsegu batera hau zuzentzera?” edo “Bideo hau egingo diguzue?”, Isa eta Eduri.
Askotan eskatzearen beldur gara, ahula irudituko zaie naizela edo mila aitzakia jartzen ditugu laguntza ez eskatzeko. Gero joaten zarenean, eskatutakoa baino gehiago ematen dizutela konturatzen zara. Eta hori orokorra izan da eta luxu bat.
Gairen bat aurreratu dezakezu?
Anderrek sorta bat du minaren herentzia deitu duena.
Belaunaldiz belaunaldi gure minak eta frustrazioak transmititzen eta herentziaz hartzen ditugula, kate familiar horietan hainbat mamu datoz eta gerora irauten dute. Bere esperientziatik oinarrituta sorta bat egin du.
Beste sorta batean umearoko bakardadeaz hitz egiten dugu edo utzikeriari buruz edo bizitzan hartzen ditugun jarrerei buruz..
Bat batekora ohituak egonda, zein desberdintasun ikusi dituzue ekimen hau egitean?
Guretzat mezuan dago desberdintasuna.
Seguraski ni bertsotan nagoenean nik irudi bat ematen dut eta jendeak ikusten nau eta zerbait salduko dut. Baina horrelako lanak ematen dizun aukera da ordu eta hamarrean mezua garbi uztea, ekarpen bat egiteko, lan on bat egiteko.
Bertso bat batekoa da eta saiatzen gara ondona egiten baina hau ahalik eta bertsoen onenak egin, musikatu, mezu garbi bat izan, helburu bat izan...
Guretzat polita izan da zeren eta ez da bakarrik kantatzea, plaza bat egitea, baizik eta guk honetaz hitz egin nahi dugula eta hau zabaldu nahi dugula.
Interes bat dago, motibazio bat dago. Gehiena animatzen gaituena da dena oso fluido doala. Egiten ditugun pausu guztiak. Eta gu ere horrela jokatzen ari gara ez. Zerbaitek erresistentzia jartzen badu albora uzten dugu eta gurean jarraitzen dugu. Erraz datozen gauzekin goaz eta orduan bere kaxa ari da eraikitzen. Eta guk uste dugu zerbait horrela baldin badoa bide onean zoazelaren seinale dela.
Eta une oro egongo zarete eszenatokian?
Bai. Hori izango da emanaldiaren beste plus bat. Ez gara inongo momentutan ezkutatuko oholtzatik. Egiten ditugun aldaketa guztiak momentuan egingo dira, jantzi aldaketak, eszenografia, eta hori egingo dugu beran gaudela.
Orduan ikusleen bistan egongo gara eta garen bezala agertuko gara.
Guk hasieran eszenatik atera eta sartzen ginela genuen jarria, baina hori izan zen egin ziguten ekarpenetako bat, eszenan geratzearena.
Eta ezer egiten zaudela ere eszenan egotea ez da erraza. Ni orain ari naiz hortaz konturatzen. Azken finean bertsolariek badugu poseren bat eseria zaudenean. Baina eszenan hor zaude eta “orain non jartzen naiz, zer egiten dut...” eta horrelako asko dago. Guretzat oso emankorra izaten ari da prozesua, asko balio digu...Asko ari gara disfrutatzen.
Azkenik, nolako harrera izatea espero duzue?
Ekarpen faseko iritziak ditugu eta denetik egon zen bertan.
Kuriosoa izan zen neskak eta mutilak bereizten zituen zerbait baitzegoen. Neskek emoziotik gehiago entzun eta baloratu zituzten. “Ni emozionatu naiz pila bat” eta niretzako positiboa zen.
Gizonena arrazoizkoak ziren. “Eta haria nola da, hau ez dut ulertu, hau nola azaldu behar dut, ze ikusi dugu...”
Eta hori ere gertatuko da. Gure genero heziketako ezaugarri bat da eta gure emanaldian hortik ere badago. Ze azkenean guk gure gizontasuna jartzen dugu mahai gainean eta hor gauza batzuk esplizituak dira eta beste batzuk sugeritu egiten dira baina ikusten da ze gizonezko eredu daukagun.
Eta orduan hori publikoak ikusiko du eta sentituko du.
gian nahasten gara baina emakumezkoek gizonezkoek baino gehiago enpatizatuko dutela gurekin gaude. Entzuteko posizioagatik, emoziotik errazago entzuten dutelako emakumeek eta gu gizonezkook arrazionalagoak garelako.
Hala ere, gu publiko aurrera goaz asko ematen eta hori da guk daukagun sentsazioa.
Eta badakigu batetik publikoak bi bide dituela nagusiki. Batetik gu epaitzea eta sartu daiteke gaiak kritikatzen, gogorra egiten zaiolako edo gu pertsonalki epaitzea edo kritikatzea.
Eta hori da guk onartzen duguna. Gero hori kudeatu behar dugu, kritikatua izatea edo enpatia ezarekin topatzea.
Eta beste bidea izango da eta hori da gure helburua, galdera ikurrak uztea, gurekin identifikatu daitekeen norbaitek bere barrura begira araztea. Guk uste dugu gehienok tranpa berdinetan gabiltzala eta identifikatzen ditugula eta enpatizatzeko gai garela.
Orduan nik uste publikoak gauza askotan bere burua ikusiko duela edo ikusi ahalko. Ez duela hotz uzten, batera edo bestera jarrerak sortuko dituela eta erantzun asko edukiko dituela.