Udalak inauterien egitaraua aurkeztu du

Txintxarri Aldizkaria 2013ko otsailaren 1a

Otsailaren 9 eta 10ean izango dira inauteriak, datorren asteburuan alegia eta herrian izango diren ekintzak aurkeztu dituzte udaletxe berriko balkoian, Taxio Arrizabalaga zinegotziak, Xabier Goitia eta Rosa Illarramendi teknikariek.

Taxio Arrizabalagak azaldu duenez, aurten ere iaz egin bezala parte hartze prozesu bat burutu da egitaraua osatzeko "inauteriak herriko konpartsa ezberdinekin elkarlanean diseinatuz eta aurrera eramanaz".

Iazkoa esperientzia positiboa izan zela baloratuta aurten bide bera jarraitu da. Gaia hautatzeko lehen aldiz galdeketa martxan jarri zen eta herritarren euren proposamena egin ahal izan dituzte. "Guztira 132 proposamen jaso ziren, orotarikoak, eta konpartsa guztien artean Munduko Kulturak gaia izan zen hautatua".

Bilerak
Guztira hiru bilera egin ditu udalak konpartsekin eta bakoitzean gai ezberdin bat jorratu da: gaiak eta diru laguntzak lehenengoan, egitarauaren inguruko proposamen bilketa bigarrenean eta hirugarrenean erabakiak hartu ziren, "aurreko bileretan ateratako guztiari forma eman zitzaion". Oraindik laugarren bilera bat falta dela aipatu du Arrizabalagak eta hori hain zuzen, balorazio bilera izango da martxoan egingo dena ziurrenik.

Aurtengoan udalak ere azpimarratu nahi duen ideia honakoa izan da, " inauteriak herritarren parte-hartzea hizpide hartuta osatu ditugula, guztion elkarlanean". Honek jaia bera aberasten duela adierazi dute, "osoagoa eta parte hartzaileagoa".

Konpartsa berriak
Aurtengoan gainera larunbateko desfilean parte hartzea handiagoa izango dela aurreratu dute, izan ere bost konpartsa berri aterako dira eta aurrerantzean kopurua handitzen jarraitzea da udalaren nahia. Egitarauari dagokionez karpa jarriko da Okendon eta bertan egunean zehar mahaiak eta aulkiak egongo dira nahi duenak bertan bazkaldu dezan, gauean berriz, DJa izango da gaua girotzen.

Okendoko eszenatokia hala ere, mantendu egingo da eta konpartsa zein koadrilek euren showak bertan egiteko aukera izango dute.

Kale Nagusia itxita egongo dela iragarri dute, "herriguneari osotasuna emateko". Azkenik herritar guztiak gonbidatu nahi izan dituzte mozorrotu eta kalera ateratzeko eta etxeko balkoiak koloretako oihalez apaintzeko.

Egitaraua
Larunbatean goizean 12:00etatik txaranga ibiliko da herrian zehar eta Okendon festari hasiera emango zaio. Ohi bezala konpartsa ezberdinek prestatutako dantza eta esketxak ikusteko aukera izango da hemen. 12:30ean pintxo potea egongo da.

Karpan 14:30etatik aurrera bazkari herrikoia egingo da norberak eramandako bazkariarekin. Arratsaldean Zabaletakoek 16:30ean txokolatea banatuko dute Okendon eta ondoren 17:00ak aldera konpartsen desfilea abiatuko da Okendotik iazko ibilbidea eginez.Gogoratu nahi da desfilea irekia dela eta konpartsa bat osatzea ez dela beharrezkoa honetan parte hartzeko. Lagun koadrilak zein norbanakoak joan daitezke desfilean. Honekin lotuta, azpimarratzen da desfilean egoteko ere mozorroak ez duela derrigorrez gai nagusiarekin bat egin behar.

19:00etatik aurrera Dinbi Bandako batukada arituko da herriko kaleak girotzen eta Gazte Klubekoen bingoa egongo da. 20:00etan plazan ere erromeria egingo da Amalurreko trikiti eta pandero eskolakoen musikaren laguntzaz. Gauean karpan disko festa egingo da.

Igandean Euskal Inauteria egingo da. Aurten lehenengo urtez, Ttakunek antolatuko du.
Okendo plazan goizean mokadu bat egiteko aukera izango da eta jaia 12:00etatik aurrera, txorizo pintxoak, salda eta sagardo dastaketa egin ahal izango da eta euskal inauterietako doinu herrikoiekin dantzatu. Arratsaldean desfilea 17:30ean eta 18:30ean Okendon dantza eta hartza erretzea.