Xabier Etxezarretaren Truk zakurra igandean Espainiako txapelketan

jon-altuna-iza 2013ko otsailaren 1a

Xabier Etxezarreta harakin eta ehiztariaren Truk zakurrak Espainiako XXII. Oilagor Ehiza Txapelketan parte hartuko du igandean otsailaren 3an Kantabriako Saja eskualdean. Abenduaren 3an Nafarroako txapelketan bigarren izan ziren Truk eta Etxezarretaren lagun Paco Goldarazena lekunberriarra eta Españako txapelketan parte hartzeko txartela eskuratu zuten.

Truk bigarren izan da aurten Nafarroako txapelketan.
Igandean goizeko 9:00etan hasi eta 15:00ra arte jokatuko da txapelketa Sajako Vado mendietan, Kantabriako Ucieda herrian. Xabier Etxezarretak esan digunez, ez du esperantza handiegirik, jada ez dabilelako oilagor askorik. “Astean Hueskan bakarra harrapatu dugu. Denboraldia luze joan da eta eguraldi txarra iragarri dute gainera”.

Etxezarretaren ustez, txapelketa irabazteko faboritoak Kantabriako bi ehiztari izango dira, inguru hura ondo ezagutzen dutelako, eta horiekin batera, Juan Mari Esain nafarra. Zubirikoak zortzi aldiz irabazi du, azkena iazko txapelketa.

Huescan ondo entrenatuta dauka Truk zakurra Xabier Etxezarretak. Iaz ere, Paco Goldarazenarekin Nafarroako txapelketa irabazi eta Espainiakoan bosgarrena izan zen Truk. Igandean ikusiko da aurten zer egiteko gai den. Dena den, gogotsu ikusten du txakurra Etxezarretak. Bere ustez, aurtengoa eta hurrengo urtea ditu onenak, 4-5 urte izango ditu eta.”Gero eta zaletasun eta gogo gehiago dauka, topera dabil”.