
Beltzak-Ostadar (ezkerrean) eta Logroñoko Sport Taver Rioja Rugby taldea (eskuinean) partiduko mele batean elkarri bultzaka.
Lehen zatiaren bigarren erdian Ostadar pixkanaka partiduan sartzen hasi zen eta 17. Minutuan Andoni Amonarrizek uztartzea egin zuen, eraso luze eta landu baten ostean.
Etxekoen lehen zati ona
5-0 aurreratu zen Beltzak beraz, baina jokoa trabatua zihoan, jokaldi luze eta “mele” ugarirekin. Halere, etxekoak defentsan sendo ageri ziren eta ez zen arriskurik sumatzen Beltzaken zutoin inguruetan.
Gainera, lehen zatiaren hodarrean, 34.minutuan, Ibai Mitxelenak uztartzea egin zuen eta atsedenaldira 10-0eko emaitzaz joan ziren, Beltzak markagailuan nabarmen aurrea hartuta.
35. minutua iristearekin batera, epaileak atsedenaldia egiteko agindu zuen. Juantxo Prieto entrenatzaileak jokalariei argibideak ematen pasa zituen deskantsuko bost minutuak, meleetan egindako akatsak zuzenduz bereziki.
Bigarren zatian, behera
Bost minutu eskaseko atsedenaldiaren ostean, ur potoak hustu eta norgehiagokari ekin zioten berriro mutilek.
Bigarren zatia hasi bezain pronto, 41.minutuan, uztartzea egin zuen Riojak, etxekoen defentsako huts nabarmen bat tarteko, markagailuan gerturatu egin ziren beraz kanpokoak (10-5).
Horrek ez zituen Beltzak-eko mutilak kikildu, eta aurrera jo zuten ausart. Eraso luze eta landu batean ordea, baloia galdu eta Riojak kontraerasoan partidua berdintzea lortu zuen uztartze bizkor batekin, 10-10 jarri ziren 46. minuturako.
Moralki kolpe gogorra jaso zuten herritarrek eta kosta egin zitzaien jasotako kaskatekotik errekuperatzea. Bost minutu eskasetan beste bi uztartze jaso baitzituen Beltzak-Ostadarrek 10-20.
Erasoan sendo agertzen ari zen Rioja, aukera ugari eta argiak sortuz. Etxekoak berriz, galdu xamar zebiltzan, defentsan galtzak bete lan zituztela eta eginahalak eginez uztartze bat gehiago ez jasotzeko.
Partidua erdi-galduta zeukatela zirudienean ordea, Unai Urruzolak uztartzea egin zuen 10 minuturen faltan markagailua estutuz, 15-20. Adierazgarria izan zen Prietoren oihua: "Oraindik partidua dago mutilak! Partidua dago! Eutsi goiari!".
Alferrik izan ziren deiadarrak, Riojak norgehiagoka erabakita utzi zuen partiduaren hondarrean uztartzea egin eta transformazio bat gauzatu ostean. Azken emaitza: 15-28.
Kiroltasuna lagun
Partiduko irudirik politena epaileak partidua amaitutzat jotzean ikusi genuen, Riojako irabazleek pasiloa egin zioten talde galtzaileari. Zirraragarria izan zen jokalariak elkar animatzen ikustea, su-etenik gabe borrokan aritu ostean.