“Karmen Collage” izeneko obra original eta bitxi batekin hasi zuten kontzertua, akordeoi-joleek estilo nahasketa polita eskaini zuten, sentsazio eta erritmo batuketa berezia, jendearengan harridura sortu zuena. Bach-en estilo barrokoa ere dastatu ahal izan zuten lasarteoriatarek, alaia eta markatua edota Chuecaren “El Bateo” zarzuela, baita Schubert, Piazzolla, Weber, Beethoven eta beste hainbat sortzaileren obrak ere. SuBerriko musikariek txalo zaparrada artean egiten zuten obra batetik besterako jauzia eta Elias Goikouria zuzendariak uneoro eskertu nahi izan zuen publikoaren berotasuna. Zenbait obratan Pilar Catalina lasarteoriatarrak eta Amaia Lizarragak euren soprano ahots itzela erakutsi zuten, San Pedro parrokiaren musikalitatea bikain probestuz.
