Fabordon hirukotearen kontzertua Atsobakarreko zaharren egoitzan

Txintxarri Aldizkaria 2013ko otsailaren 3a

Carlos Rosat, Tomás Ruti eta Imanol Elizasuk kontzertu ederra eskaini zuten Atsobakarreko zaharren egoitzan igande goizean. Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikariak dira Rosat flauta-jolea eta Ruti fagot-jolea, Elizasu piano-joleak berriz musika munduan ibilbide luzea du, besteak beste, Oreretako koruaren zuzendaria da gaur egun.

Igandeko kontzertua beraien ekimenez antolatu zuten, Danok Kidek lagunduta eta Udalaren kolaborazioarekin, honek pianoa utzi baitzien musikarei kontzertua eskaini ahal izateko. Bi obra interpretatu zituzten herriko adindu eta senideen aurrean, Donizetti konposatzailearen “Larghetto e Allegro en Do M” eta Beethovenen “Trio en Sol M”, goiz-pasa ederra egin zuten denek.