Santa Ageda eta Inauteriak, aintzina aintzinatik datozen negu amaierako festak direla uste da, Euskal Herrian kristautasuna zabaldu aurrekoak. Euskal Herriko hainbat tokitan inauterietan baserriz baserri ateratzen dira lagun koadrilak "puska eskean", eta Santa Ageda bezperan ere eskean ateratzeko ohitura dago, bereizgarri batekin, makilekin lurra kolpatuz eramaten dela kantuen erritmoa, naturari lozorrotik ateratzeko eskatuz bezala.
Herriko egitaraua
Lasarte Orian Xumela abesbatza eta Earra! Bertso eskola, Erketz dantza taldea, Zabaleta auzokoak eta Amalur Trikitixa eskolakoak aterako dira kantuan, Santa Agedari oles egitera, Euskal Herriko eguna ospatuz eta bide batez, ohitura zaharrak gordetzeko asmoz. Eztarriz sano dabiltzala erakusten saiatuko dira guztiak.
Gainera, herriko eskoletan ere kantatuko dute haurrek. Landaberri-Garaikoetxean eta Sasoetan eguerdian elkartuko dira ikasle guztiak eskolan bertan kantatzeko.
Zabaleta auzoko koadrilak 18:00etan jarri du hitzordua Antonio Blas plazan, eta urtero bezala lehenengo auzoan eta ondoren inguruko baserrietan kantatuko dute, azkenik Sollanen, Otegi sagardotegian bukatu eta bertan afaltzeko.
Ordu berean, arratsaldeko 18:00etan aterako dira Jalgitik Xumela abesbatzako eta Earra! Bertso eskolako kideak nahi duten herritar guztiekin batera. Ttakunek deia luzatu du nahi duten guztiak kantatzera animatu daitezen. Ohi bezala, Santa Ageda kantuak eta bertsolarien koplak tartekatuko dira, erdiguneko kale eta tabernetan.
Erketzeko dantzariak 18:00etan elkartuko dira beraien lokalean eta 18:30 aldera aterako dira, erdigunetik hasi eta Kaxkarro aldean amaitzeko. Buenavistan afalduko dute ondoren.
Amalur eskolako trikitilari eta panderojoleak ohiko itzulia emango dute. 18:00etan eskolan elkartu eta laurdenetan abiatuko dira, kultur etxetik itzulia egin, Sagardotegi eta Okendotik pasa eta Udaletxe parean amaitzeko.
