Prosalus Gobernuz Kanpoko Erakundea 1995 urteaz geroztik Afrika eta Amerikako hainbat herritan osasuna sustatzeko lanean ari da. Bere zeregin nagusia Hegoaldeko pobretutako herrialdeetako osasuna zaintzea da.
Gizarteko hainbat elkarterekin elkarlanean, komunitate baten osasuna baldintzatzen duten faktoreen gainean egiten du lan eta, batez ere osasunaren, elikaduraren eta uraren inguruko giza eskubideak indartzea du helburu.
Erakundeak martxan dituen proiektuak ezagutzeko aukera ere eskainiko dute antolatzaileek erakusketen osagarri. Otsailaren 7an eta 13an hitzaldiak antolatu dira Emakumeen Zentro Zibikoan. Ostegunean 18:00etan izango da eta otsailaren 13an, asteazkenean berriz, 17:00etan.
Osasuna giza eskubide
Manuel Lekuonan jarriko diren bi argibide-taula handitan munduko hainbat lurraldetan daukaten gosearen arazoa eta giza eskubideen alorretik horri aurre egiteko aukera eta alternatibak azaltzen dira. Antolatzaileek 16 urtetik gorakoentzat prestatu dute erakusketa,datu gordinak ematen dira eta.
Besteak beste gosearen mapak jakinarazten dira, 2008ko urte amaieran 963 miloi pertsona goseak ziren munduan, bazterketa, gatazka armatu, ur eta beste hainbat baliabideen eskasia, nazioarteko merkatu-arau desegoki eta politika publikoen ahultasunaren ondorioz. Gehienak, ehuneko 75, nekazal inguruetako nekazari txiki, artzain, arrantzale, herri-indigena eta lurrik gabekoak.
2006tik elikagaien salneurria ehuneko 80 garestitzearen ondorioz arazoa areagotu egin da eta gutxienez beste ehun milioi pertsona bizi dira goseak. Konpainia eta lurren jabe handiek, lurrik onenak bioerregaiak ekoizteko erabiltzeak sortzen dituen arazoak eta aldaketa klimatikoa ere jorratzen dira erakusketan.
Konponbideak
Bigarren argibide taulan konponbideak jorratzen dira. Batetik elikadura giza eskubidea dela aldarrikatzen da, eta, beraz, munduko estatuen bete beharrak direla, eskubidea errespetatu, herritarrak babestu, hauei behar dutena eskura izatea erraztu eta elikadura egokia ez dutenei laguntzea.
Hau da, herritarrak elikatzea oztopatuko duten neurririk ezingo dute hartu agintariek, eta oztopoak jartzen dituzten enpresa edo pertsonengandik babestu egingo dituzte; gainera erraztu egingo dute pertsonen bizitza ziurtatzen duten baliabideak herritarren eskura jartzea, jokabide horiek sendotu eta azkenik, herritar edo talde batek elikadura egokirik ez duenean eta hori bere esku ez dagoenean, Estatuek bermatu beharko dute.
Elikadura eskubidearen osagai nagusiak ere aipatzen dira, besteak beste, elikadura nahikoa, toki eta garairako egokia, gaurko eta geroko belaunaldientzat iraunkorra, osasunarentzat kaltegarri ez dena, kulturalki onargarria eta edonorentzat eskuragarria izan behar du.
Elikadura burujabetza
Azkenik elikatzeko subiranotasuna aldarrikatzen da erakusketan. Hau da, elikagaiak ekoizteko, banatzeko eta kontsumitzeko moduak erabakitzeko eskubidea duela herri bakoitzak, ekoizpen txiki eta ertainetan oinarrituz, eta nekazari, arrantzale eta indigenen ekoizpen moduen aniztasuna zein bertako kultur adierazpenak errespetatuz.
Kontutan izan beharko da nekazal ingurune horietako ekoizpen, salmenta eta bizitzaren kudeaketan emakumeek jokatzen duten rol garrantzitsua. Erakusketan ageri denez, oinarrizkoak dira halaber, batetik etxeko ekoizpen eta bertako merkatuei lehentasuna ematea, ekoizpen sistema ekologikoetan oinarrituz, bestalde, bidezko salneurri egokiak ziurtatzea eta, azkenik, hazien babesa, besteak beste.
Nazioarteko konpromisoak
Nazioarte mailan egin diren ekimenak ere aipatzen dira erakusketan: 1996an burutu zen Elikadurari buruzko Munduko Goi Bileran 2015erako gosea sufritzen duten pertsonen kopurua erdira jaisteko konpromisoa hartu zuten 180 estatuetako ordezkariek.
Bestalde, 2000n “Milurtekoaren Adierazpena” sinatu zuten 189 herrialdetako ordezkariek pobrezia gutxitu, osasuna hobetu eta bakea, giza eskubideak eta ingurugiroaren jasangarritasuna bultzatzeko helburuarekin. Zortzi helburu konkretu aipatzen ziren bertan eta lehenengoan 2015erako gosea duten pertsonen kopurua erdira jaisteko konpromisoa berresten zuten.
Osasuna Zentro Zibikoan
Emakumeen Zentro Zibikoan 15 egunotan zabalik den erakusketan zein hilaren 7 eta 13an emango diren bi hitzaldietan herrialde pobreetako osasun arazoa jorratzen da.
Hemen ere oinarrizko giza eskubidea dela aldarrikatzen da hainbat argibide taulen bidez.
Marrazkien bidez eta modu erakargarrian munduko hainbat tokitan barrena bidaia proposatzen da.
Gipuzkoan zehar erakusketak egingo duen ibilbidean lehen geltokia da Emakumeen Zentro Zibikoa.
Erakusketan azaltzen dutenez, osasuna behar beharrezkoa da beste giza eskubideak izateko eta horien menpe ere badago.
Faktore askok dute eragina pertsonaren osasunean, batez ere, jaio, hazi eta bizitzeko ditugun baldintzak oso garrantzitsuak dira. Eta hori beste alderdi askoren menpe dago, osasunean eragina dute politika, gizarte, natura edota ekonomia alorretako baldintzek.
Erakusketan arlo horietan zer egin daitekeen ikusi daiteke 3. munduko herrialdeetan osasuna oro har hobetzeko.

