Inauteri koloretsuak

maider-azurmendi 2013ko otsailaren 4a

Asteburuan izango dira Inauteriak eta herrian izango da festarako parada. Udalak ostiralean aurkeztu zuen astebururako egitaraua eta berrikuntza gisa larunbateko desfilean bost konpartsa berrik parte hartuko dute. Igandean, Ttakunek Euskal Inauteri festa jendetsua egin nahi du eta horretarako esku orria banatu du txantxoz jantzi eta herritarrak igande goizean ere kalera irten daitezen.

Euskal Inauteriak jai giroan eta ahalik eta jendetsuen nahi dira ospatu.
Taxio Arrizabalagak azaldu duenez, aurten ere iaz egin bezala parte hartze prozesu bat burutu da udalaren egitaraua osatzeko “inauteriak herriko konpartsa ezberdinekin elkarlanean diseinatuz eta aurrera eramanaz”. Iazkoa esperientzia positiboa izan zela baloratuta aurten bide bera jarraitu da.
Gaia hautatzeko lehen aldiz galdeketa martxan jarri zen eta herritarren euren proposamena egin ahal izan dituzte. “Guztira 132 proposamen jaso ziren, orotarikoak, eta konpartsa guztien artean Munduko Kulturak hautatu zen”.

Guztira hiru bilera egin ditu udalak konpartsekin eta bakoitzean gai ezberdin bat jorratu du, gaiak eta diru laguntzak lehenengoan, egitarauaren inguruko proposamen bilketa bigarrenean eta hirugarrenean erabakiak hartu ziren, “aurreko bileretan ateratako guztiari forma eman zitzaion”. Oraindik laugarren bilera bat falta dela aipatu zuen Arrizabalagak eta hori hain zuzen, balorazio bilera izango da.

Konpartsa berriak
Aurtengoan gainera larunbateko desfilean parte hartzea handiagoa izango dela aurreratu dute, izan ere bost konpartsa berri aterako dira eta aurrerantzean kopurua handitzen jarraitzea da udalaren nahia.
Kale Nagusia itxita egongo dela iragarri zuten “herriguneari osotasuna emateko”.
Azkenik herritar guztiak gonbidatu nahi izan dituzte mozorrotu eta kalera ateratzeko eta etxeko balkoiak koloretako oihalez apaintzeko.

Egitaraua
Larunbatean, 12:00etatik txaranga ibiliko da herrian zehar eta Okendon festari hasiera emango zaio. Ohi bezala konpartsa ezberdinek prestatutako dantza eta esketxak ikusteko aukera izango da hemen. 12:30ean pintxo potea egongo da Ilargi, Buenetxea, Arkupe, Intxausti, Artizar tabernatan.

Karpan 14:30etatik aurrera bazkari herrikoia egingo da norberak eramandako bazkariarekin.
Arratsaldean, Zabaletako lagunek 16:30ean txokolatea banatuko dute Okendon eta ondoren 17:00ak aldera desfilea abiatuko da Okendotik iazko ibilbidea eginez.Gogoratu nahi da desfilea irekia dela eta konpartsa bat osatzea ez dela beharrezkoa honetan parte hartzeko. Lagun koadrilak zein norbanakoak joan daitezke desfilean.

19:00etatik aurrera Dinbi Bandako batukada arituko da herriko kaleak girotzen eta Gazte Klubekoen bingoa egongo da. 20:00etan plazan erromeria egingo da Amalurrekoekin. Gauean karpan disko festa egingo da.
Igandean, Euskal Inauteriak hartuko ditu kaleak. Okendo plazan goizean mokadu bat egiteko aukera izango da eta jaia. 12:00etatik aurrera, txorizo pintxoak, salda eta sagardo dastaketa egin ahal izango da Okendon eta Euskal Inauterietako doinu herrikoiekin dantzatu. Arratsaldean desfilea irekia 17:30ean abiatuko da eta 18:30ean Okendon dantza eta hartza erreko da. Herritarrak kalera atera eta festaz gozatzera animatzen dituzte.

Txantxo jantzia nola prestatu
Ttakunek lehenengo urtez antolatuko du Euskal Inauteria eta orain arteko egitaraua aldatu eta herritarren parte hartzea sustau nahi du. Igandeko festan txantxoz jantzita plazaratzeko aitzakiarik ez dagoela azpimarratzen dute antolakuntzatik izan ere, erraz, etxean toda daitekeen edozerkin osatu daiteke euskal mozorro dotorea.

Euskal Inauterietan “Txantxo jantzia” erraz osatzeko irudi eta argibide batzuk ere prestatu eta banatu dira herriko elkarte, eskoletan etab. hemen dituzue garrantzitsuenak.

Mozorro koloretsua Miel Otxinen antzekoa edo zakuz egina Ziripoten antzekoa, edozerk balio du inauterietan, animatu eta gozatu!

Soinean.- Brusa (sanpedrotakoa), amonaren sukaldeko bata, aitaren hippy garaiko alkandora, arpillera zakua,....

Azpikogona eta galtzak.- Mahoizkoak, loredunak, pijama zaharra, koloretako edozein galtza...
Oinetan.- Artilezko galtzerdiak, abarkak edo botak, ... nahi dena.

Buruan.- Lastozko txanoak edo kukurutxoa, dena zinta politez josia. Txapela beltza edo koloretakoa, bestelako txapel bat.

Ez ahaztu aurpegia ezkutatzea; horretarako ipini oihal fin bat kapelatik zintzilikatuta edo maskara gisa, arnasa hartzen utziko dizuna, nahi izanez gero egin ikusteko eta arnasa hartzeko zuloak.

Eskuetan.- Eskuetan erratza, makila, zartagina, ferratzeko mailua, sardea, txintxarriak, kanpaitxoak,...
Gogoratu helburua ondo pasatzea dela, eta horretarako ez dela jesukristoren mozorroa behar. Armairua arakatu (zurea, familiarena edota lagunena), lotsak astindu eta aurrera!