Gora trapu zahar festa!

idoia-garzes 2013ko otsailaren 4a

Trapu zahar festak. Hala esaten zieten garai batean inauteriei, eta niri ere hala deitzea gustatzen zait. Maite ditut neguko jaiak, bereziak dira. Oraindik lurrarekin lotzen gaituen soka direla pentsatzea gustatzen zaidalako; naturari eta aspaldiko arbasoei batzen gaituen zilbor-hestea direla jakitea gustatuko litzaidakeelako.

Ez gara ez Ituren, ez Zubieta, ezta Lantz ere. Sinbolismoz beteriko inauteriak dituzten herriak dira haiek. Ez ditugu, joareak bizkarrean hartuta, ez eta isipua astinduz ere, espiritu txarrak uxatuko eta lurra esnatuko. Gure herrian ez da Miel Otxinik, ez Ziripot baldarrik, ez hura lurrera botako duen zaldikorik, ez eta azken hori ferratuko duenik ere. Akaso ez dugu Tolosakoak bezalako kale-inauteri ospetsurik…
Baina baditut adiskideak, herrira etorritakoan, “hemen beti bada zer edo zer” harrituta esaten dutenak. Lasarteoriatarrok jai egitea eta kalea geureganatzea gustuko ditugula esaten dutenak. Eta asteburu honetan hala izango da. Larunbatean eta igandean da zita: mozorroa janzteko garaia, jaian murgiltzeko eta parte hartzeko parada ezin hobea.

Zuberoako maskaradak, Lapurdiko kaskarotak, Altsasuko momotxorroak, Zalduondoko Markitos, Luzaideko bolantak… eta Lasarte-Oriako nahi duguna. Festarako eta jostatzeko egunak dira inauteriak. Lotsak astintzeko, armairua zabalduta jantziko ditugun trapu zaharrak astindu behar diren gisan. Parte hartu eta gozatu! Nork daki, akaso inoiz inauteri ospetsuak dituztenen zerrenda horietan agertuko gara gu ere, aterako da Lasarte-Oria ere.

Gaur eskean ibiltzeko eguna denez, zuei oles egin eta gero, santari eskatuko diot sekulako inauteri partaidetsuenak izan ditzagula!