Logo lehiaketa martxan jarri zuen Lasarte-Oriako udalak orain hilabete, dagoeneko lanak jaso dira eta herritarren eskura jarri dira denon artean herria irudikatuko duen irudia hautatzeko.
Guztira lehiaketan 74 parte hartzailek aurkeztu zuten euren logotipoa. Hauetatik, dokumentazio falta dela eta 69 geratu dira lehiaketan eta hauek dira hain zuzen, Manuel Lekuonan dagoen erakusketan aurki daitezkeenak. Erakusketa hau otsailaren 14ra bitartean izango da ikusgai. Hau ikusi ostean, gustukoenaren izena parte-hartze postontzian utz daiteke.
Parte-hartzea sustatu
Gainera parte-hartze web berrian ere bozkatu daitezke lan hoberenak. Helburua herritar guztiek bere iritzia emateko aukera izatea da. Horretarako bi taldetan banatu da parte hartze hau, maila pertsonalean herritarrek bozkatzeko aukera dute aipatutako bideak erabiliz eta baita taldean ere, herriko elkarteekin epaimahaian, honen bigarren bilera egingo da ostegunean.
Elkarte, herritar eta udaleko alderdien artean hautatuko da logotipo berria beraz animatu eta esan zein den Lasarte-Oria hoberen irudikatzen duen diseinua.

