Zaballosek Tokiko enplegurako mahaia osatzea proposatzen du

maider-azurmendi 2013ko otsailaren 6a

Goizean egindako agerraldian PSE-EEko ordezkaria Jesus Zaballosek hurrengo plenora eramango duen mozioa aurkeztu du. Honetan gizarte eragile ezberdinekin enplegu mahaia osatzea proposatzen du.

Egun langabetuek herrian osatutako plataformarekin bi bilera egin dituzte udal ordezkari, enplegu teknikari eta alderdietako kideek eta "oso positiboki baloratzen ditugu". Biltzen jarraitzeko asmoa dagoela azaldu du baina bilera hauetan sortu diren hainbat kezken aurrean alderdi sozialistak Tokiko enplegu mahaia osatzea beharrezkoa ikusten du.

Langabezia tasa arindu
"Honetan udal ordezkariak, teknikariak, Lanbideko ordezkaritza, herriko enpresen ordezkaritza bat etab. proposatzen ditugu nolabait enplegu alorrean udalaren esku dagoena egiteko". Izan ere, Gipuzkoako langabe tasarik altuena du Lasarte-Oriak eta "indar berezia jarri behar da nolabaiteko konponbidea topatzeko, jakinda udalak eskumen gutxi dituela arlo honetan".

Langabetuekin egiten diren bilerekin jarraitzeko proposamena egiten du Zaballosek baina beste foroa ere eratuz.

Datorren asteartean aurkeztuko du mozioa eta honekin batera mahai hau osatzeko protokoloa ere landu dutela azaldu du "udal gobernuari eta teknikariei nolabait lana aurreratu nahi izan diegu, testu oso bat landu dugu eta hau izan daiteke berehala lanean hasteko tresna garrantzitsua".