Gidabaimena euskaraz ateratzeagatik sarituak

maider-azurmendi 2013ko otsailaren 7a

Eguerdian Andoainen egin da 2012an Buruntzaldeko auteskoletan gidabaimena euskaraz atera zuten ikasleen artean zozketa. Herrian sarituak suertatu dira Haizea Bravo, Iker Elizegi eta Saioa Gomez. Datozen egunotan emango zaie atal teorikoa ateratzeagatik ordaindutakoa.

Lasarte-Oriako Mugica, Lasarte eta Izarra autoeskolak dira gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz ateratzeko aukera eskaintzen dutenak. Hiru autoeskola hauetan 2012. urtean euskaraz azterketa gainditu zutenen artean, sarituak Haizea Bravo, Iker Elizegi eta Saioa Gomez izan dira Andoainen egindako zozketaren arabera. Hauei azterketa teorikoarengatik ordaindutakoa bueltatuko zaie.

2010. urtean martxan jarri zen gidabaimena euskaraz ateratzeko egitasmoa Buruntzaldeko udalek bultzatuta. Hauek 2009-2010 ikasturtean diru laguntzak bideratu zituzten autoeskolek behar zuten materiala euskaraz ateratzeko eta horrela ekimenarekin bat egin nahi zuten autoeskolak materialarekin hornitu. Egitasmoak pixkanaka arrakasta gehiago du ikasleen artean Marifer Gorostiza Lasarte-Oriako teknikariak adierazi bezala izan ere kopurua bikoizten doa urtetik urtera.

113 ikasle
2010. urtean 34 ikaslek gainditu zuten azterketa teorikoa euskaraz, 2011ean 60 eta 2012an 113 ikaslek. Boris Nogales zinegotziaren hitzetan "gazte gehienek euskaraz burutzen dituzte euren ikasketak eta gidabaimena ere hala ateratzea da erronka". Erakunde ezberdinen arteko elkarlana sustatzea garrantzitsua dela azpimarratu dute udal ordezkariek.