Alferrik da, Estatu Batuen eragina gure kultura, adimen eta bizitza ikuskeran ukaezina da. Horrekin, zuritu nahi dut neure burua gaurko pentsamendu hauei jarritako izenburua jarri ondoren. 49ers talde bat bada, Futbol amerikarrean aritzen dena oso oker ez banabil.
Beno, 45ers orduan. Hori delako idazten duenak, eta neurekin batera herriko beste lagun eta ezagun askok aurten harrapatuko dugun adina, bihar bertan nire kasuan.
Eta, orain artean gertatu izan zaidan bezala: dena ondo, aizue. Askok dio 20, 30, 40 edo 50 urte betetzen direnean izaten dela halako krisi moduko bat, bizitzak eskuetan behera ihes egin dionaren sentsazioa duena asko dela alegia han eta hemen. Ez da nire kasua izan, akaso, bizitzako urteetako bakoitza edo areago, bizitako esperientzia bakoitza bakarra, intentsoa eta goitik behera dastatutakoa izan delako. Eta gauzak hala egiten direnean arraroa da bizitzak ihes egin dizula pentsatzea ere.
Eta urteek aurrera egin ahala, denbora abiada handiagoan doala dioenari gomendio bat: geratu!!! Bizi instante bakoitza eta hala geldotu egiten da trenaren martxa. Jabetu bestela oporretan etxetik kanpo ibiltzen garenetan zer gertatzen zaigun. Egunetako bakoitzak luzeagoa denaren itxura hartzen du: biziago, esna-esna, erne gaudelako ikusten dugun gauza bakoitzaren aurrean, gehiago eta intentsoago bizitzen dugulako momentua, errutinarik gabe, hori baita, errutina, dena gris bihurtzen duena, bizitzari gatza kentzen diona, egunen joan etorria azkarra, zentzugabea eta nihilista bihurtzen duena.
Bada zerbait, “ona” guzti honetan: gure esku dagoela zein jarrerari heldu eguneroko martxan. Gure esku dagoela zein bizimoduren aldeko apustua egin.
Zorionak, neure buruari, ze letxe!!