Inauteriak bihar eguerdian hasiko dira ofizialki Lasarte-Orian eta festari behar bezalako hasiera emateko txupina botako da Okendo plazan. Konpartsekin egindako bileretan txupinaren ardura urtero txandakatzea proposatu zuen udalak eta herriko elkarte eta konpartsa ezberdinek, begi honez ikusi zuten proposamena.
Zabaletatik Polinesiara
Horrela izanda aurten Zabaletako koadrilari dagokio zuziria jaurtitzea. Konpartsan 40 lagun inguru izango dira bertako kide den Kontxu Iartzaren hitzetan eta Zelanda Berriko Maori kultura ekarriko dute Okendo plazako oholtzara.
Bertatik emango diote festari hasiera, oholtza gainean egin behar dutena ordea, ezustekoa izatea nahi dute “aurreratu daiteke pregoitxo antzeko bat prestatu dugula, baita dantza bat ere”. Antzezpentxoak Maoriekin zerikusi zuzena daukala dio Iartzak “konpartsa guztiak Okendon izango dira baina herritarrak ere animatu eta bertan egotea nahi genuke”.
Euren antzerkia egin ostean, banan-banan gainontzeko konpartsak aurkeztuko dituzte eta oholtzara igoko dira hamarrak.
Iartzak esan moduan, hauetako batzuek ere zerbait berezia, antzerkiak, kantak, dantzak... prestatu dituzte eta hauek ikusteko aukera izango da aurkezpen ekitaldi berezi honetan.
Eguraldi txarra
Parte hartzeko deia luzatu nahi da eta eguraldi txarra, euritsua, aurre ikusita dagoenez, asteazkenean bildu ziren konpartsak udaleko ordezkariekin.
Honetan egunean bertan erabakiak hartuko direla adostu zuten eta printzipioz karpa erabiliko da ekitaldi nagusiak burutzeko eguraldiak hala behartzen badu. Desfileen kasuan berriz, momentuan erabakiko da aurrera egin edota bertan behera uztea.
Larunbatean pintxo potea egiteko aukera izango da herriko hainbat tabernetan, eta egitarauean azaldutakoak baino gehiago dira ekimenarekin bat egin dutenak. Azkenean honakoetan izango da edariarekin mokadua opari: Ilargi, Buenetxea, Arkupe, Intsausti, Artizar, Hirualdeta, Galiza, Garakari eta Iñaki tabernak.
Igandean munduko kulturek lekua utziko diote Euskal Inauteriari. Eguraldia oztopo izan ez dadin ere karpan egingo da eguerdiko hamaiketako eta erromeria beharrezkoa balitz.
Ekintza guztiak mantentzea da helburua beraz herritarrei eguraldi txarrari aurpegi ona jarri eta plazara gerturatzeko deia egiten zaie.
