“Ikasleen hizkuntza erabileraren argazki orokorra atera dugu”

jon-altuna-iza 2013ko otsailaren 8a

Euskal Autonomi Erkidegoko ikasgeletan, oro har, gizartean baino euskara gehiago erabiltzen da, eskoletako euskararen erabilera neurtzeko egin den Arrue ikerketaren arabera. Gainera, egitasmoan aritu den Pablo Suberbiola soziologoak adierazi digunez, "ikasleak helduagoak izan ahala, gizartean diren erabilera joeratara hurbiltzen dira, "konbergentzia" gertatzen da eta beraz euskararen erabilera apalagoa da". 2011 urtean LH4 eta DBH2 mailetako ikasgela guztietan egin zuten galdeketa.

Pablo Suberbiola Lasarte-Oriako soziologoa 2004an Soziolinguistika Klusterra sortu zenetik ari da bertan lanean, eta duela gutxi aurkeztu duten Arrue ikerketaren arabera, Erkidegoko eskoletan oro har gizartean baino euskara gehiago erabiltzen da, eta 9-10 urteko haurrek, 13-14 urtekoek baino gehiago. Egitasmoan aritu den Pablo Suberbiolak adierazi digunez, “datuen lehenengo irakurketan pentsatu daiteke ikasleak zenbat eta helduagoak izan beraien erabilera lotuago dagoela gizartean dauzkaten beste erabilerekin”. Dena den, lehen aldiz egin da horren ikerketa zabala eta hainbat ikerlariren artean pentsatu dute “zuhurtzia neurri batekin” hartu behar dela, ez delako aztertu ikasle berberen jokabidea adin desberdina dutenean, momentu berean bi ikas maila, baizik.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskoletan hizkuntza ohiturak aztertu dituzue... Zein ondorio nagusi atera dituzue?
Labur esateko egin duguna azken finean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskoletako ikasleen hizkuntza erabileraren argazki bat da. Argazki orokorra da, Euskal Autonomi Erkidegoko lurralde guztia hartzen du eta bi ikas mailatan egin da, 9-10 urte eta 13-14 urtekoekin.

Bizpahiru ondorio nabarmendu ditugu, eskola munduan dabilen edonork jakin ditzakeen ondorioak, baina agian beste batzuentzat ezezagunak direnak: bata, gaur egun gelan gehiago erabiltzen dela euskara jolastokian baino, beste bat, batez ere 9-10 urtekoen artean eskolan oro har euskara gehiago erabiltzen dela, gizartean erabiltzen dena baino. Eta hirugarrena, adin bat eta bestea konparatzen baditugu, batez ere jolaslekuko erabileran, baina baita gelakoan ere, euskararen erabilerak altuagoak direla 9-10 urtekoen artean 13-14 urtekoen artean baino.

Beste era batera esanda, adinean aurrera egin ahala behera egiten du erabilerak. Egia da lehen aldiz egin dela honelako argazkia, eta hainbat ikerlarirekin artean aipatu dugu prudentzia neurri batekin hartu behar dela, ez direlako ikasle berdinak lau urte barru aztertu direnak, momentu berean aztertu dira bi ikas maila, baina datuen lehenengo irakurketan pentsatu daiteke ikasleak zenbat eta helduagoak izan beraien erabilera lotuago dagoela gizartean dauzkaten beste erabilerekin eta beraz, behera egiten du, baxuagoak dira eskolan 9-10 urterekin dituztenak baino.

Adin maila horietan ikasle guztietara heldu zarete, 36.820 ikasle 850 eskoletan, nola egin duzue azterketa?
Kaleko jendearentzat ez hainbeste, baina, ikerketa mailan dabiltzanentzat notizia inportanteena datu horiek edukitzea da. Orain aztertu diren 2011ko datuetara iristeko bide luze xamarra egin da. Lankidetza baten bitartez lortu da datu hauek biltzea, ISEI-IVEI (Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea) arduratzen da EAEko eskolek arlo guztietan ematen dituzten emaitzak ebaluatzeaz, esaterako matematikan Europako mailatan gauden ala ez, ingelesean zein hizkuntza gaitasun lortzen den, bullying kontuak eta abar... Hezkuntza sailarekin egiten du lan Soziologia Klusterrak eta denborarekin lortu da beraien 2011ko galdetegian txertatzea Arrue ikerketan beste urte batzuetan egindako galderen parte bat. Eta horri esker lortu da bi ikas maila hauetan EAEko ikastetxe guztietan egitea datu bilketa.

Besteak beste eskoletan lan handia egin delako. Gutako edonork ezagutuko dugu gugandik gertu irakasleren bat, orain dela 20 urte euskararik ez zekiena, oso gutxi edo bat ere ez, eta bi, lau sei edo zortzi urtera ikasleei klaseak euskaraz ematera eta klaustroko bilerak euskaraz egitera pasa zena.



Urte asko daramazu soziologia arloan honelako ikerketak egiten?
Bai, Soziolinguistika Klusterra praktikan 2004an abian jarri zenetik hor ari naiz. Eta sortu aurretik 2000. urtean hasi nintzen ESEI elkartean Klusterraren aurretik Soziologia Institutua Sortzen izan zenean. Beraz, bai, gutxi gorabehera 2000. urtetik edo.

Zein azterketa tipo egiten dituzue?
Labur esateko, Klusterrean egiten dira bi lan, Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza esaten duguna, batzuetan oinarrizko ikerketa, baina gehienetan ikerketa aplikatua da, erabilerarekin lotuta dagoena, eta bestetik dago dibulgazio lana, emaitza horien berri ematea eta zabaltzea, BAT aldizkariaren edo beste medioen bitartez.

Aipatu duzu euskara eskoletan beste eremu batzuetan baino nabarmen gehiago erabiltzen dela. Zergatik dela uste duzu?
Besteak beste eskoletan lan handia egin delako. Gutako edonork ezagutuko dugu gugandik gertu irakasleren bat, orain dela 20 urte euskararik ez zekiena, oso gutxi edo bat ere ez, eta bi, lau sei edo zortzi urtera ikasleei klaseak euskaraz ematera eta klaustroko bilerak euskaraz egitera pasa zena. Hori gertatu da orokorrean eta salbuespen oso gutxirekin. Hau da, sektore oso batek egin du transformazioa, euskarazko funtzionamendua nagusitu egin da mila arrazoirengatik. Sektoreak beste askoren laguntza ere jaso du, baina horko milaka irakaslek egin du horrelako aldaketa prozesu kolektiboa.

Oinarrietako bat hori izan da, guk orain esan ahal izateko, konstatazio bezala, eskolan ikasleek erabiltzen dutela euskara gehiago gizartean edo lan munduan baino. Hori da sektore horretan ahalegin handi bat egin delako eta ondorioz jende askok lotura egiten du: ikasleei galdetzen diegunean, “zein hizkuntza doakio hobeto egoera honi edo hari”, neurri handi batean erantzuten dute beren gizartean ikusten dutena: eskolari gehiago dagokiola euskara, kalean edo hitzaldi bat ematen ari den pertsona bati baino, oro har.

EAEko gizarteaz orokortasun batetik hitz egitea zaila da, ñabardura eta gorabehera handiko panorama daukagulako, baina unitate moduan begiratuta, esan daiteke, gizarteko beste hainbat arlotan ez dela egon inola ere hezkuntzan egon den bilakaerarik.

Irakasleen paperak garrantzia du beraz...
Bai, irakasle askok posible egin dute hori, duela 50 urte ikastolen sorreran parte hartu zutenek, eta eskola publikoan eskola euskalduntzeko ahaleginetan aritu zirenek, azken finean, izen abizena dute, baina esfortzu kolektiboa ere izan da.

Adinean aurrera doazela, orduan eta gutxiago darabilte euskara, ez al da hori esanguratsua bezain arriskutsua hizkuntzarentzat?
Bai. Ikerketan datu horien interpretazioa egitean parte bat deskriptiboa da, baina beste parte batean saiatzen gara, datu horien atzean egon daitezkeen zergatiak analizatzen. Ikerketa honek alde horretatik muga nabarmenak ditu, ez daukalako parte kualitatiborik, galdetegia egin da, datu kuantitatiboak ditugu, galdera jakin batzuek, galdera horiek nola egin diren eta emaitzak. Dena den interpretazioa egiteko garaian nolabait ikusita eskolako erabilera horiek dauzkaten loturak etxeko eta lagunarteko erabilerarekin, herriko euskaldunen proportzioarekin, komunikabideen kontsumoarekin eta abar, irakurketa izan da 9-10 urterekin eskolak lortzen duela eremu babestuago bat sortzea, hau da, norabide guztietan euskarazko erabilera gizarteko beste esparru batzuetan baino normalagoa den eremua, baina adin horretatik 13-14 urtera pasatzen direnean berdintze bat ematen da gizartean bataz bestekoak diren parametroetara, guk “konbergentzia” hitza erabili dugu. Ume baten biografian ere hori gertatzen da, eremu babestuago batetik, helduen erabilera gehiago imitatzera pasatzen dira, jakinda zein gizartetan bizi behar duen.

Datu polit bat bada, zonaldeka begiratzean: gela eta jolaslekua, edota adin bat eta bestea alderatu ditugunean, alderaketa gehienetan gertatzen da jolasleku eta gelako erabilerak baxuagoak direla 13-14 urtekoen artean, baina kurioski, EAE guztian, euskaldunen proportzioa ehuneko 60 baino gehiago dituzten herriak hartzen baditugu, horietan ez da ia jaitsierarik, ez gelatik jolaslekura eta ez 9-10 urtetik 13-14ra.
EAEko ikasleen gehiengoa ez da bizi noski ehuneko 60tik gora euskaldunak diren tokietan, baina oso argi erakusten du datu horrek, ez dela adinari lotutako kontua, edo gelatik jolaslekura euskara ahazten dutenik. Askoz zuzenagoa da esatea, ehuneko 60 baino gehiago euskalduna den herrietan, gizarte bizitza orokorra neurri handi batean euskaraz garatzen dela eta ikasleek ez dutela hizkuntzarik aldatzen. Beraz ez da zuzena esatea ikasleak helduak izan ahala erdara gehiago erabiltzen dutenik. Ikasleak helduak izan ahala egiten dute gizarte horretan helduek egiten dutena.

Topaketan ikerketa honen zuzendariak honelako irakurketa egin zuen: zenbateraino da zuzena pentsatzea ikasle hauei eskolan oinarri sendoa eta babestua eskaini eta 16 urterekin beraien jokaera irauliko duenik. Noiz pasatuko dira jokaera aldetik gizarteko kide normal izatera. Beranduago? Azken finean hor bilakaera bat dago, denok dakigu, gure seme alaba edo ilobak zein azkar konturatzen diren zeini egin euskaraz eta zeini erdaraz, edo, non jokatu nola. Azkenean egokitze bat da.

Ba al dauka bueltarik horrek?
Bai. Duela 30 urte pentsatzen zen eskolako lan hori egitearekin dena eginda zegoela. Baina zer da dena eginda egotea? Eskolan egin den lan guztiaren emaitza ikusten da ikerketa honetan ere bere partzialtasunarekin eta muga kuantitatiboarekin.

Ikasleen ehuneko 30 da bere lehen hizkuntza euskara duena, eta beste 70ak euskara jaso dute eskolari esker eta beraz ikasle gehienek daukate bestela edukiko ez luketen bagaje linguistiko bat, bere gurasoek inondik ere ez zeukatena. Beste gauza bat da erabiltzeko zer erraztasun eta aukera dauzkaten.
Baina hemendik urte batzuetara eta gaur egun ere beste sektore batzuetan, aldaketak eginez gero, haur eta gazte horiek nola jokatuko luketen ikustekoa da. Behintzat abiapuntu eta bizipen askoz hobea daukate orain 20 edo 40 urte zeukatena baino. 14 urterekin gutxi gorabehera helduek dituzten erabileratara pasatzen edo hurbiltzen badira, badirudi ez dela plus bat lortu. Baina nire ustez 9-10 urtekoen emaitzek argi adierazten dute eskolak bere eremuan zenbaterainoko hobekuntza lortzen duen termino horietan ere.

Lasarte-Oria emaitza orokor horien maila egongo da gutxi gorabehera?
Pentsatzekoa da egongo dela. Ez daukagu herriz herri daturik eta ikusten da ikastetxe batetik bestera datuak asko aldatzen direla. Baina hainbat aldagaik eragina dute, ereduek oso nabarmena, baina baita irakasleen arteko hizkuntz ohiturek ere. Arrue ikerketan egindako azterketek erakusten digute alde batetik bataz bestekoak daudela eta bestetik ikastetxe bakoitzak zein giro daukan, nola zaintzen dituen eskolaz kanpoko iharduerak, irakasleen arteko erabilera eta zein irizpide dauzkan zentroaren hizkuntza funtzionamendua alde batera edo bestera baldintzatu dezaketenak... Hor seguruenera ikastetxetik ikastetxera alde handiak egongo dira. Dena den, Lasarte-Oriako ikastetxetan joera orokor horietako batzuek emango dira.

Zein iritzi duzu Lasarte-Orian euskarak duen egoeraz...
Ez daukat datu berririk, baina Ttakunen urte askotan lan egindakoa naizenez tokatu zait gauza batzuek barrutik bizitzea, eta lan egiten dudan arloarengatik, tokatzen zait hainbatetan entzutea, berreskurapen eta normalizazioaren mailan Lasarten gizarte arloan egin direla hainbat iniziatiba eta gorpuztu direla hainbat ekimen beste toki batzuetan lortu ez direnak eta horrek baditu bere efektuak, ez herriko erabilera x batean neurtu daitezkeenak bakarrik, beste dimentsio asko dituenak: identitarioak, afektiboak edo legitimitate mailakoak.

Gaur egun Lasartera etorri eta ikusten dut, ez hizkuntzari begira, baizik eta gazteei begira antolatutako zenbait ihardueratan euskarazko erabilera eta oro har somatzen dut antzeko ezaugarriak dituzten beste herri batzuetan ez daukatenak direla. Neurtzeko zailak dira kontu horiek, baina horrelako egoera batetara iristeko lan asko egin da eta bizipen asko txertatu dira jendearen eguneroko bizitzan hori horrela izan dadin.

Aipatu duzu ereduak badaukala eragina...
Bai, bilakaera aztertu beharko genuke, orain dela 20 urte eta orain zein gurasok eramaten dituzten eredu bakoitzera eta zein zonaldetan. A, B eta D ereduen emaitzak konparatzea oso zaila da, bakoitzera doazenen tipologia abiapuntuz desberdina denean. Laburtuz A eredura ikasleak bidaltzen dituzten gurasoak ia erabat lehen hizkuntza gaztelania dutenak dira, eta ia erabat ehuneko 20tik beherako euskaldunen portzentaia duten tokietakoak. Beraz elementu guztiak ematen dira euskararen erabilera ia ezinezkoa izan dadin.

B ereduan denetarik dago, baina orain dela 20 urte gurasoen tipologia askoz euskaldunagoa zen jada etxetik.

Datuak hor daude. A, B eta D ereduan ikasgelako eta jolastokiko erabileren datuak hartzen baditugu oso desberdinak dira, A ereduan ez dago ia euskarazko erabilerarik, baina laburra litzateke pentsatzea gure aldetik hori soilik ereduaren efektua bakarrik denik. Arrue ikerketaren ondorioetako bat da, ikaslearen eguneroko errealitate hurbilak eragin zuzen eta fuertea daukala bere eskolako erabileran ere, batez ere jolaslekuan eta 13-14 urtekoetan, baina baita gelan ere.

Garai batean baserritarren seme-alabak joaten ziren eskolara gaztelera ikasteko eta etorkinenak ikastolara euskara ikasteko...
Aspaldi, bai, egon zen jokabide argi bat, oso familia euskaldunetan bazegoen kezka nolako gaztelania maila hartuko ote zuten umeek, seguraski gaztelania ez jakiteagatik gaizki pasatutako gurasoen aldetik, edo inguruan horrelako sufrimenduaren testigantza zituztenen artean. Zorionez hori gutxiago da gaur egun, eta nagusiki bi gurasoen aldetik lehen hizkuntza euskara dutenen ehuneko 90 D eredura joaten dira gaur egun.

Nola ikusten duzu oro har euskararen etorkizuna, urte batzuek barru desagertuko al da?
Ez dirudi berehala desagertuko denik. Askotan gertatzen zaigu gutxiegi estimatzen dugula herri, gizarte edo komunitate bezala nolako lotura edo nahia dagoen euskarak hemengo hizkuntza izaten segi dezan, batzuen kasuan eguneroko erabilera beraien izateko modua eta eguneroko atmosfera delako eta beste kasu batzuetan, balio duelako elementu identitario bezala...

Askotan ez dugu ulertzen prozesu hauek daukaten konplexutasuna. Kanpotik adituak etortzen direnean esaten digute, hemen euskararekiko dagoen eta gizartean hainbat ekimenetan gauzatzen den nahi edo gogo hori estimatzekoa dela. Nekez lortuko dugu aurrerapauso berriak ematea daukagun mundu globalizatu eta konplexu honetan, eta ez ditu zailtasun gutxi izango gurea bezalako hizkuntza batek. Nik uste gizarte bezala oso harro egon behar dugula, gure izateari eta Sarasolak aipatzen duen lehengoek transmititutako arnas horri, eman zaizkion bertsio berriengatik, gure inkoherentzia eta gabezia guztiekin.

Ohartu al zarete zer nolako euskara maila darabilten ikasleek Euskañolez hitz egiten al dute?
Zeharkako erreferentziez dakigu soilik. Askotan irakasleekin lan egiten dugu eta beraiek kontatzen digutenez, adierazkortasun edo espresibitate kontua da: irakasleek askotan esaten dute euskara ondo dakiten ikasleek behar dutenean erabiltzen dutela euskara formalagoa eta zuzenagoa, gaitasun mugatua daukana moldatzen da gu edozein hizkuntzatan bezala, daukanarekin. Baina hainbatetan erdal kontzeptuak edo hitzak erabiltzen direnean ez da euskarazkoak ezagutzen ez direlako, baizik eta horrek ematen duen kutsua edo espresibitatea gehitu nahi delako baizik.

Zalantzarik gabe lehen deskribitu dugun errealitate horretan, ahalbidetzen ari garenean euskara zipitzik inondik jaso ez dutenek behintzat eskola bidez jasotzea, horiek hizkuntza gaitasun aldetik ere konplexutasuna daukate, nahasketa bat, zorionez bi hizkuntzekin gutako askok txikitan izan ez duguna eta horrek emango ditu gerora ere fruitu berriak.

Alde handia dago eskolan ehuneko 60 erabiltzetik kalean ehuneko 20a erabiltzera, ezta?
Bai koska handia da. Zehaztu hartu behar da, ehuneko 60 dela gela barruan 9-10 urterekin. Topaketetan salto hori hain handia zergatik den azaltzeko hipotesi batzuek planteatu ditugu: gela barruan, lagunartean arituta ere, irakaslearen begiradapean egoteak 9-10 urtekoaren erantzuna zenbateraino baldintzatu dezake? Agian hori da ehuneko 60tik ehuneko 20ra dagoen koskaren azalpenaren parte bat. Oro har, kanpoko ikerlariek adierazi digute, esaterako, Gales, Belgika edo Katalunian, han ere jolastokietan erabilera apalagoa dela, baina ez hainbesteko aldearekin, beraz aztertu beharko dugu hurrengo urteetan hainbestekoa den ala beste era batetara neurtuta alde horietaz gehiago esateko moduan gauden. Oraingo argazkiarekin besterik esaterik ez dugu.