Euskal Inauteri txikiak
Garaikoetxeako Haur Hezkuntzako txikitxoenek Euskal Inauteriak ospatu zituzten txantxo jantzi koloretsuak soinean zituztela. Nafarroako Inauterietako ohiko dantza tradizionalak dantzatu eta Tolosako Inauterietako abestiren bat ere kantatu zuten. Pirritx eta Porrotx-en musikak ere izan zuen lekua festan eta haur guztiek ederki pasatu zuten.
Zumabururi dagokionez, Euskal Herriko kultura izan zuen ardatz. Txikienak Galtzagorri bihurriz jantzita egin zuten dantzan eta helduxeagoek berriz, txulalai dantza ezberdinak egin zituzten.
Kulturartekotasuna
Landaberri ikastetxean hainbat mende egin zuten atzera eta erromatarrak, zeltak, euskal barduliarrak etab. ikusteko aukera izan zen. Tartean, Eneko Aritza, Karlomagno eta Arrano Beltza ere agertu ziren.
Denetariko sketx-ak eta antzerkiak ikusi genituen, Ingalaterran girotutako Buckingham palace eta Beatles-ak; Italian kokatutako pizzero eta mafiosoak... Eskoziarrak ere agertu ziren "kilt" koadrodun gonaz jantzita, gaita eta biolin doinuak lau haizetara zabalduz. Besteak beste, oesteko cow-boy edo bakeroak, indiarrak eta afrikako tribuak ere izan genituen ikusgai.
Sasoetako ikastetxean, azkenik, munduko kultura guztien nahasketa polit bat ikusteko aukera izan zen. Ikastetxeko gimnasioan bildu ziren bai txinatarrak, pakistandarrak, masai tribuko ehiztariak, marrokiarrak...
Nelson Mandelari eskeinitako kanta batekin eman zioten hasiera festa koloretsuari, gela bakoitzak desfile alaia egin zuen gimnasioraino. Bertan ikasleen marrazkiak zeuden paretetan itsatsita, elkarbizitza eta kultura aniztasuna gaitzat zutenak. Maila bakoitzak musika japoniarra, argentinarra, brasildarra edota arabiarraren koreografia bana egin zuen eta amaitzeko ikastetxeko kide guztiek koreografia ikusgarri bat egin zuten musika errusiarra oinarritzat hartuta.
Amaitzean, Burunzpe guraso elkarteak txokolate beroa eta bizkotxoa banatu zituen ikasle eta irakasleen artean, arratsalde hotza berotzeko.