Ikastetxeak kolorez blai

Txintxarri Aldizkaria 2013ko otsailaren 8a

Herriko ikastetxeak ezohiko itxura koloretsua hartu dute ostiral arratsaldean, inauterietako oporrak hartu aurretik kultur aniztasunaren balioak landu baitituzte.

Euskal Inauteri txikiak
Garaikoetxeako Haur Hezkuntzako txikitxoenek Euskal Inauteriak ospatu dituzte txantxo jantzi koloretsuak soinean zituztela. Nafarroako Inauterietako ohiko dantza tradizionalak dantzatu eta Tolosako Inauterietako abestiren bat ere kantatu zuten. Pirritx eta Porrotx-en musikak ere izan zuen lekua festan eta haur guztiek ederki pasatu zuten.
Zumabururi dagokionez, Euskal Herriko kultura izan du ardatz. Txikienak Galtzagorri bihurriz jantzita egin dute dantzan eta helduxeagoek berriz, txulalai dantza ezberdinak egin dituzte.

Kulturartekotasuna
Landaberri ikastetxean hainbat mende egin dute atzera eta erromatarrak, zeltak, euskal barduliarrak etab. ikusteko aukera izan da. Tartean, Eneko Aritza, Karlomagno eta Arrano Beltza ere agertu dira.
Denetariko sketx-ak eta antzerkiak ikusi ditugu, Ingalaterran girotutako Buckingham palace eta Beatles-ak; Italian kokatutako pizzero eta mafiosoak... Eskoziarrak ere agertu dira "kilt" koadrodun gonaz jantzita, gaita eta biolin doinuak lau haizetara zabalduz. Besteak beste, oesteko cow-boy edo bakeroak, indiarrak eta afrikako tribuak ere izan ditugu ikusgai.
Sasoetako ikastetxean, azkenik, munduko kultura guztien nahasketa polit bat ikusteko aukera izan da. Ikastetxeko gimnasioan bildu dira bai txinatarrak, pakistandarrak, masai tribuko ehiztariak, marrokiarrak...
Nelson Mandelari eskeinitako kanta batekin eman diote hasiera festa koloretsuari eta gela bakoitzak desfile alaia egin zuen gimnasioraino. Bertan ikasleen marrazkiak zeuden paretetan itsatsita, elkarbizitza eta kultura aniztasuna gaitzat zutenak. Maila bakoitzak musika japoniarra, argentinarra, brasildarra edota arabiarraren koreografia bana egin du eta amaitzeko ikastetxeko kide guztiek koreografia ikusgarri bat egin dute musika errusiarra oinarritzat hartuta.
Amaitzean, Burunzpe guraso elkarteak txokolate beroa eta bizkotxoa banatu ditu ikasle, irakasle eta gurasoen artean, arratsalde hotza berotzeko.

Argazki eta bideo guztiak INAUTERIETAKO MODULOA-n ikusgai.