Euriak ez du festa ito!

Txintxarri Aldizkaria 2013ko otsailaren 10a

Inauterien asteburua euritsua izan da, haize zakarra ibili da eta giroa desatsegina zegoen mozorrotu eta kalera ateratzeko. Eguraldi txarrak jaia apur bat petraldu egin badu ere, euriak ez du festa itotzea lortu. Aurreko urteetan baino jende gutxiago ikusi dugu kalez kale eta tabernaz taberna mozorro koloretsuak soinean, halere, lasarteoriatar asko festarako gogoz zeudela argi geratu da.

Larunbata eguerdian ekin zitzaion jaiari eta konpartsen parte-hartze bileretan adostu bezala, urtero talde ezberdin batek egingo du Inauterien pregoia. Aurtengoan, Zabaletako maoriei egokitu zaie Inauteriei ongi-etorria egiteko ohorea, Zeelanda Berriko “haka” dantza ikusgarriaz lagunduta. Arratsaldean konpartsen desfilea bertan behera utzi behar izan zuten, baina Amalurren erromeriak, Dinbi Bandak eta Labaderoko kontzertuek giro ederra jarri zuten Okendo eta inguruetan. Gaua luzea izan zen zenbaitentzat eta plazako disko-festan jendetza batu zen musikaren erritmora gerriak mugitzeko. Igandean Euskal Inauterien txanda izan zen, txantxo mozorro koloretsuak soinean, hartza erre arteko festa izan zen.

Argazki eta bideo galeria guztiak: INAUTERIEN MODULUA-n