Makrobiotika ikastaroa

Txintxarri Aldizkaria 2013ko otsailaren 11

Otsaila eta martxoan zehar, makrobiotika ikastaroa egingo da. Nerea Gereñok eskainiko du Ttakun kultur elkarteak Orbela belardendaren laguntzaz antolatu duen ikastaroa. Honetan urtarotako barazkiak, haragiaren ordezko proteinak eta azukre gabeko postreak nola egin azalduko da. Izena ematea otsailaren 22ra arte egongo da zabalik.

Ttakun kultur elkarteak euskara erabiltzeko hainbat egitasmo antolatzen ditu. Horietako urtean zehar egiten dituen ikastaroak dira. Ezagunak dira sendabelarren ikastaroa edo euskal jantzi ikastaroa esate baterako, baina oraingoan makrobiotika ikastaroa antolatu du Orbela belardendaren laguntzaz.
“Elikadura makrobiotikoari kuku bat” ikastaroa Nerea Gereño herritarrak eskainiko du eta lau saio izango ditu.

Otsaila eta martxoan zehar izango dira saio hauek, hain zuzen ere, otsailaren 22, martxoaren 1, 8 eta 15ean. eta orduari dagokionez, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara izango dira.
Oraindik lekua zehazteko dagoela adierazi dute antolatzaileek.

Landuko diren atalak
Era orekatuan jan eta energia ahalik eta ondoen erabiltzeko elikagaiak erabiltzea da makrobiotikaren helburua, garaian garaikoak eta bertakoak, nahiz eta zerealak izaten diren elikagaiaren oinarria.
Gauzak honela ikastaro honen helburua, “elikatzeko beste modu bat badela azaltzea da, oso era orokorrean bada ere,” azaldu du Nerea Gereñok. Honela 4 saiotan zehar honako gai hauek landuko ditu.
Lehenengo saioan, lau urtaroak landuko ditu. “Barazkiak oinarri hartuta, urtaro bakoitzean era desberdinetan nola prestatu jorratuko dugu,”.

Bigarren saioan haragia ordezkatzeko elikagaiak aztertu eta erakutsiko ditu. “Proteina begetalak landuko ditugu saio honetan, hala nola, tofua eta seitana ezagutu eta nola prestatu azalduko dugu”.
Hirugarren saioan azukrerik gabeko postreak egingo dira. “Saio honetan berriz, postre osasuntsuagoak nola egin ditzakegun azukrea ekidinez, ikusiko dugu”.

Eta azkenik ikastaroari bukaera emateko afari bat egitea aurreikusten da.

Izena ematea
Ikastaroan izena emateko epea ireki da. Parte hartu nahi duten herritarrek Ttakun kultur elkartean otsailaren 19a baino lehen eman behar dute izena. Ttakuneko bazkideek 22 euro ordaindu behar dituzte eta bazkide ez direnek, berriz, 25 euro. Antolatzaileek jakin arazi dute parte hartzaile kopurua mugatua dela.