Otsailaren 2 eta 3an, Buruntzaldea IKT-ko igerilariak Tolosan izan ziren Gipuzkoako Neguko txapelketan parte hartzen. Marka ugari hobetu zituzten, Gipuzkoako txapeldun berria dago taldean eta Espainiako eta Euskadiko txapelketetan parte hartzeko txartelak ere lortu zituzten.
Gipuzkoako txapeldun berria Naiara Lizaso gaztea dugu. 100 m. probako irabazlea izan zen eta Espainiako txapelketako markatik oso gertu geratu zen, 80 ehunekotara. Honetaz gain, 50 m., 200 m. eta 400 m. libre probetan bere markak hobetu zituen.
Itsaso Tolosak, berriz, Espainiako Openean parte hartzeko txartela lortu zuen 50 bizkar proban egindako denborarekin. Apeztegiaren hitzetan, “oso pozgarria izan zen hau, izan ere, orain arte 100 eta 200 bizkar probetan gutxieneko markak lortu ditu baina inoiz proba azkarrenean”. Eta 200 m. bizkar proban ere marka hobetu zuen.
Garazi Alkortak 50 tximeleta probako Euskadiko txapelketarako gutxieneko marka egin eta parte hartutako proba guztietan markak hobetu zituen.
Jone Vazquez eta Enara Arruti Euskadiko txapelketan izango dira 400 m. libreetan.
Borka Apeztegiak aipatu digunez, Jonek gogotsu eta indartsu igeri egin zuen.
Enara Arrutiri dagokionez, “gurekin aurten hasi da, sekulako saltoa eman du orain arte egindako probetan,” adierazi du. Era berean, Iñaki Etxebesteren lana 400 m. libre proban aipagarria da. “Infantilen Euskadiko txapelketako gutxienekoa lortu nahi zuen baina 40 ehunekotara geratu zen”.
Baita Mikel Esnalek 100 m. eta 50 m. probetan egindako markak ere. “Marka serioak dira” eta 100 m. proban egindako markarekin FINA puntuen arabera 4. postuan dagoela adierazi du entrenatzaileak. 100 estiloak eta 50 bular probetan ere markak hobetu zituen Esnalek.
Honetaz gain, Janire Berasartek, Ainara Garciak, Unai Irigorasek eta Kevin Iglesiasek ere haien markak hobetu zituzten. Hurrengo asteburuan, Iruñean Euskal Herriko Neguko txapelketan Espainiako txapelketarako markak lortzeko aukera berria izango dute igerilariek.
Kluben kopa
Honetaz gain, Gipuzkoako Kluben kopako sariak banatu zituzten. Kopako txapelketa egunean arazoak egon ziren eta sari banaketarik ez zen egon.
Erkidego arteko txapelketa
Bestalde, Iñigo Ibarburu gaztea Euskadiko selekzioarekin izan zen Erkidego arteko txapelketan eta zazpi probetan parte hartu zuen. 100 m. libre eta 200 m. tximeleta probetan marka pertsonala hobetu zuen; 100 m. tximeleta proba 8. izan zen; 50 m. libreetan bere marka onena berdindu zuen. Eta errelebu guztietan parte hartu zuen Iñigok. “Guztietan txukun” igeri egin zuela adierazi digu Buruntzalde IKT-ko entrenatzaileak.
