Batzorde informatiboa gai soziekonomikoak jorratzeko

jon-altuna-iza 2013ko otsailaren 12a

Lasarte-Oriako otsaileko ohiko udal batzarrean hiru proposamen onartu dira, batetik Lasarte-Oriako hiriak Alzheimerraren arazoarekin bat egiteko eskatzen zuena, baita Mendebaldeko Saharan egiten diren giza eskubideen aurkako erasoak salatu eta sahararren autodeterminazio eskubidearekin bat egiten zuena eta enplegua sustatzeko PSE-EEk aurkeztutako proposamenari alternatiba gisa Bilduk aurkeztutakoa.

None
Langabeziaren arazoari aurre egiteko Gai Sozioekonomiko, Enplegu, Merkataritza eta Kontsumo batzorde informatiboa sortzea erabaki dute Bildu, Plataforma eta EAJk Enplegu Mahaia sortzeko eskatuz PSEk aurkeztu zuen mozioari erantzunez. Aipatutako hiru alderdi horiek aldiz egokiago ikusi dute orain arteko batzordeaz baliatzea eta konkretuki Batzorde Informatibo hori sortzea, sozioekonomia arloko gaiak jorratzeko, orain artean abian zen Gizarte Zerbitzuetako enpleguaren arloari kontsumo eta komertzio arloak batuz.
Horren arduradun Enplegu dinamizatzailea izendatu dute gainera, eta administrari laguntzaile bat izango du. Sozioekonomia, Enplegu, Merkataritza eta Kontsumo batzorde horretan tokia izango dute interesa duten elkarte guztiek eta Lanbideren parte hartzea eskatuko dute. PP proposamen honen alde azaldu da baina Mahaia sortzea egokiagoa dela uste duenez aurka bozkatu du Vanessa Velezek. PSEk ere mozio alternatiboaren aurka bozkatu du eta Marisa Zubiri abstenitu egin da.
Euskal Herriko lagunak mendebaldeko Saharakoekin bat taldearen mozioaren alde botatu dute Bildu, PSE, EAJ eta PPk, eta abstenitu egin dira Marisa Zubiri eta Plataformako Juanjo Castro ordezkaria. Udal batzarrak bat egin du bederatzi eskaera dituen proposamenarekin. Saharan gertatzen diren atxiloketa, tortura eta tratu txarrak, bortxaketak, desagerketak, deportazioak, manifestazioa eskubidearen zanpaketa eta oro har giza eskubideen aurkako erasoak salatu eta gaitseztea onartu du Udalak. Era berean, beste hainbat eskaera onartu dira: Saharako biztanleak bitan banatzen dituen 2.600 kilometroko harresia eraisteko, Marokori armen salmenta debekatzeko, Saharako baliabide natural eta arrantza bankuen ustiaketak uzteko, sahararren autodeterminazioarako eta independentziarako eskubidea aitortzeko, eta preso politiko saharar guztiak askatzeko. Gainera Udalak bat egin du Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldarrikapenaren urteurrenean, otsailaren 27an arratsaldeko 19:30ean Udaletxe aurrean "Maroko Saharatik at autodeterminazioa eta independentzia Mendebaldeko Sahararentzat" lemapean burutuko den elkarretatzearekin eta egun horretan udaletxean Mendebaldeko Saharako bandera zintzilikatzea adostu du.
Lasarte-Oria alzheimerrarekin bat egiten duen hiria izendatzeko mozioaren alde bozkatu dute zinegotzi guztiek abstenitu egin dirun Bilduko ordezkariak izan ezik.