Udaleko ordezkariak harro azaldu dira, egoera ekonomiko zail honetan 231.000 eurotik gorako aurrekontuarekin hitzarmen hauek sinatu ahal izateagatik, eta are gehiago, beste herri askotan lortu ezin izaten den herriko euskalgintzaren eta Udalaren arteko elkarlan ereduari eusteagatik.
Ttakun kultur elkartea
Lehendabiziko hitzarmena, Ttakun Kultur Elkartearekin sinatu zen. Honen bitartez, 2012-13 ikasturtean hitzartutako egitasmoetarako 174.306,41 eurotako diru-laguntza du elkarteak.
Hitzartutako programen artean, haurren eta gazteen aisialdia euskalduntzera zuzendutakoak daude, hala nola,udako txokoak, gazteentzako kanpaldiak, Amaraun eta Gazte klubak, Kuadrillategi eta LMLK programak; bestetik, Txintxarri aldizkaria dago, eta azkenik, Solaskide-solasbide, bertso-eskola eta helduen aisia euskalduntzea helburu duen Abaraska programak daude.
Ikastetxeak

Ikastetxeetako Guraso elkarteetako lehendakariek, Ttakun kultur elkarteko lehendakaria, AEK-ko arduradunak, Udal idazkari eta ordezkariak gaur eguerdiko sinaketako momentu batean.
Bestalde, herriko lau ikastetxeetako Guraso Elkarteetako lehendakariekin ere hitzarmenak sinatu dituzte.
Boris Nogales Euskarako Batzordeko lehendakariak jakinarazi zuenez, “Udalak eta ikastetxeek hasiera-hasieratik lan egin dute elkarren eskutik gure herriko haur eta gazteen hizkuntza-gaitasuna hobetzeko eta euskaraz hitz egiteko ahalik eta erraztasun eta ohitura gehien lor dezaten”.
Diruz lagundutako programen artean, ikastetxeetako Irakutrezin, Esazu eta Irrintzi aldizkariak daude, pertsonaia ezagunen bisitak, eskola-orduz kanpoko jarduerak euskalduntzeko “Lagunarteko hizkerarekin jolasean” programa edo “Gu ere bertsotan” programa bezalakoak daude.
Lau ikastetxeekin sinatutako hitzarmenek 44.318,85 eurotako aurrekontua dute.
Muntteri-AEK
Euskara Batzordeko lehendakariak adierazi zuenez, urte askoren ondoren, Muntteri-AEK-rekin hitzarmena adostu du Lasarte-Oriako Udalak. ”Kosta egin da, baina bi aldeetatik egin da adostasunera hurbiltzeko ahalegin bat eta azkenean aipatutako hitzarmenean gorpuztu da azpimarratutako elkarlan hori”.
Guzak honela, euskaltegi honetako zenbait programari laguntza emango die Udalak: herriko ikastalde jakinei zuzendutako ikastaroak, “Askatu mingaina!” programara, irakurzaletasuna sustatzeko programa eta Korrika 18ko ekintzak.
Guztira, 12.460 euroko diru-laguntza da hitzartutakoa.