Ederki gozatzeko aukerak Amaraun eta Gazte klubaren eskutik

Txintxarri Aldizkaria 2013ko otsailaren 15a

Amaraun Ludoteka eta Gazte Klubeko lagunek asteburuetan lagunekin ongi pasatzeko aukera paregabeak izango dituzte hurrengo asteetan.

Ederki gozatzen dute gaztetxoek Txuri Urdin izotz jauregian.

Amaraun Ludotekako haurrek, zehazki HH5-LH1 eta LH2 mailakoek “Amaraun Laborategi eroa!!!” tailerra izango dute otsaila eta martxoa bitartean.
Bost saioz osatuko da tailerra eta honetan esperimentu ugari egingo dituzte haurrek. “Naturarekin zer ikusia duten esperimentuak izango dira nagusi, modu errazean koloreak edo argia nola sortu daitezkeen ikusiko dute haurrek,” azaldu digute laborategiko antolatzaileek.
Saioak asteazkenetan izango dira Amaraun Ludotekan, hain zuzen ere, otsailaren 20 eta 27an, martxoaren 6an, 13an eta 20ean.
Ordutegiari dagokionez, 17:45etik 19:15era bitartean izango dira.
Laborategi berezi honetako matrikulak 12 euro balio ditu Ttakuneko bazkideentzat eta bazkide ez direnek berriz, 15 euro ordaindu behar dute.

Txuri Urdinera irteera

Gazte Klubeko lagunek, berriz, Gazteburu berezia izango dute otsailaren 23an, Txuri Urdinera irteera.
Irteera Zumaburuko autobus paradatik izango da 16:00etan.
Txuri Urdin izotz jauregian arratsalde pasa ederra egin ostean, 19:30ean bueltatuko dira gaztetxoak Lasarte-Oriara.
Haurrek merienda, galtzerdi lodiak eta eskularruak eraman behar dituzte txangora.
Arratsalde pasa honen prezioa 12 eurotakoa da Ttakuneko bazkideentzat edo 15 eurotakoa bazkide ez direnentzat.
Izena emateak
Izena emateko laborategiaren kasuan Ttakuneko bulegoan, Geltoki kalea 4, edo egunean bertan Amaraun Ludotekan egin dezakete.
Gazte klubeko irteerari dagokionez, Ttakuneko bulegoan, aisia@ttakun.com helbide elektronikoran edo 943 371 448 telefonoan egin dezakete izena ematea.
Bi ekintzak ordaintzeko aukera ezberdinak daude. Ttakuneko bulegoan txartelarekin, eskudirutan edo 2101 0048 25 0010089696 kutxako zenbakian transferentzia eginda.
Informazio gehiago eskuratu nahi dutenek, bulegora, aisia@ttakun.com helbide elektronikora edo 943 371 448 telefono zenbakira jo dezakete.