“Politikoki zuzena” nondik sortu ote da esaera hau? Zerbait, politikoki zuzena dela diogunean zer esan nahi dugu? Inor ez mintzeko modukoa dela, edo gehiengoak espero duena dela, edo gizarte/kultura honetan onartua dauden parametroetan ulertzen dugula.
Jaunak, nola iritsi gara hona?
Bi hitz hauetako zein parte ez dugu ulertu? Hala bien loturak osatzen du koktel lehergarria?
Zuzena zer den eta zer ez, sarritan erlatibizatzen dugu baina aurretik “politikoki” jarrita zuzentasunak hartzen duen esanahia garbia da. Garbia bezain kontraesankorra.
“Zuzena” eta “politika” ura eta olioa ez ote dira? Politika tradizionalari kiratsa dario. Politikan gizarteari zerbitzatzeko borondatez sartzen omen dira. Bai alajainetan!
Okerrena da herri xehearen artean politikan bakoitzaren onurarako aritzea dela normaltasuna. Bestela zergatik sartuko zara ba, saltsa horietan? Ezer ez ateratzeko? Ideia hori zabaldua dago eta hori da benetan arriskutsua. “La picaresca española”. Onartua eta graziosoa gainera. Agintariek eredu bikainak ematen dizkigute, gero moralinaz jantzitako nahi adina zerga igotzeko eta nahi adina murrizketa egiteko.
Delinkuentzia eta inseguritatea emigrazioak ekartzen omen ditu.
Orain Espainiako eskuinari tokatu zaio. Baina etxe aldean ere ba omen da halako antzekorik. Angulak jan nahi badituzue, zuen diruarekin ordaindu. Guri gerrikoa estutzeko eskatu diguzue.
Europako edozein herrialdetan gobernua erori zen aspaldi baina, ”España is diferent”.
Sarritan boterearen erotikak irabazten du partida. Haragia ahula da. Jaiotzaz gara berekoiak. Lasai, Roucok barkatuko zaituzte, zuek damutu, eta jarrai lehengo bidetik. Aurrera mutilak!
Badakit zergatik ez diren mozorrotzen, ustel miserable batzuk izan eta herri ordezkarien bizitza egiten dutelako. Bizitza guztia mozorrotuta!