
Leitzatik gertu dagoen “Peru-Harria. Harriaren museoa” bisistatuko dute Oinatz taldeko lagunek. Arg.: Euskonews
Euskal Herriko txoko ezberdinetako paraje eta historia ezagutu dute dagoeneko Oinatz taldeko lagunek. Baina hain da aberatsa gure luraldea oraindik ere badirela hainbat leku ezagutzeko.
Oraingoan, Nafarroa aldera egingo dute txangoa otsailaren 24an, igandean hain zuzen ere, Leitzara. Bertan Leitzalarrea eta “Peru-Harria. Harriaren museoa” bisitatuko dituzte.
Oinatzeko lagunek azaldu digutenez, irteera ordua 10:00etan izango da Jalgi Kafe-Antzoki aurrean. Kotxeak hartu eta Leitzara egingo dute.
Aztarnak eta izeidia
Bertan Leitzalarreara igo eta bi orduko ibilbidea egingo da oinez.
Honetan Leitzalarrean han-hemenka dauden monumentu megalitikoak ikusiko dituzte.
Oinatzeko lagunek azaldu dutenez, “mendeetan zehar bertako mehatzeak garrantzitsuak izan ziren, eta orduko hondakinen eta burdinolen aztarna ugari ikusi daitezke bidean.”
Honetaz gain, Izaieta izeidia edo hariztia ezagutzeko aukera ere izango dute.
Izaetako izaidia legez Monumentu Naturala da eta babestua dago. Bertan ia 40 m altuko izei zuri (Abies alba) ikusgarriak bisita daitezke.
1832. urtean landatutakoa da izaidia. Izan ere, garai hartan herritarrek botatzen zuten zuhaitz bakoitzeko 10 landatu behar izaten zituzten.
Gaur egun, itxia dago eta Leitzaldean hazten diren 37 espezie biltzeko lorategi botanikoa da; gune horretan ale bakoitzak bere azalpen-txartela dauka.
Bueltaxka egin ostean, indarrak berreskuratzeko Leitzara jaitsi eta bertako tabernan bazkalduko da.
Oinatzeko lagunek jakitera eman dutenez, bakoitzak bere bazkaria eraman beharko du.
Harriaren museoa
Arratsaldean, berriz, “Peru-harria. Harriaren museo”-ra bisita egingo da.
Hau museo berezia da. Iñaki Perurenak eta bere semeak Inaxiok sortutako museoa da. Hauek artisautzaren ereduari jarraikiz, historia eta kultura kontatzen dute harriaren bitartez.
Museoa zati ezberdinetan dago banatua.
Batetik “Gorritenea” baserri familiarra dago. Etxeak dauzkan 3 solairuetan herri kirolaren historia ezagutu daiteke. Aro grekotik gaur egunerako informazioa eta bitxikeriak bildu dituzte bertan.
Eta noski, Perurenatarren argazkiak, lehiaketetan erabilitako jantziak, oroigarriak, eta, batez ere, haiek erabilitako harriak daude. Harri asko eta asko, hainbat forma, tamaina eta pisutakoak.
Era berean, bideoak edo elementu ludiko didaktikoak aurkitu ahal dira haurrek harriari buruzko gauza gehiago ikasteko.
Bestetik, baso-inguruan zehar tamaina handiko eskulturak daude, esaterako, harrijasotzaile erraldoia, 8 metro luze dena eta 40 tonako pisua duena.
Eta honetaz gain, oihartzuna dela-eta erantzuten duten koloretako harriak edo garai bateko gisu-labea eta jentilen bizitokia izan zen kobazulo bat ere ikusi daitezke harriaren parke magiko horretan zehar egindako ibilbidean.
Museorako haurren sarrerak 3 euro balio ditu eta helduen kasuan, 4 euro izango dira. Hauek bertan ordainduko direla aipatu digute Oinatz taldekoek.
Izena ematea
Irteeran parte hartu nahi duten herritarrek otsailaren 21a, osteguna baino lehen eman behar dute izena Ttakun Kultur elkarteko bulegoan. Gogoratu, bakoitzak bere bazkaria eraman behar du eta museoko sarrera bertan ordainduko da.