
Taxio Arrizabalaga zinegotzia, Xabier Goitia eta Rosa Illarramendi teknikariak eta Jokin Telleria Xpressionk elkarteko kidea aurkezpenean.
Lasarte-Oriako Gazteria, Festak eta Kirola sailak eta Xpressionk kultur elkarteak beste urte batez elkarlanean Kultur kale zikloa garatuko dute. Horrela adierazi zuten gaur Manuel Lekuona kultur etxean eskainitako prentsaurrekoan.
Taxio Arrizabalaga Gazteria, Festak eta Kirola saileko buruak adierazi duen legez, “Kultur kale zikloa 2012 urtean sortu zen, Manuel Lekuonako kafetegian egiten ziren kontzertuen lekukoa hartuz”.
Ziklo honen helburua gure herrian ekintza kultural alternatiboei bideak zabaltzea eta artisten sorkuntza hedatu eta promozionatzeko bitartekoak ematea dela gogora arazi du.
Horregatik, iaz ekitaldiak Manuel Lekuonatik atera eta “dendetara eraman genituen espazio naturalagoetara kultura eta sorkuntza herrira gerturatzeko asmotan”.
Zinegotziak oso positiboki baloratzen du iazko esperientzia. “2012. urteran oso emankorrak izan zen. Guztira 6 areto eta denda ezberdinetan 20 ekitaldiz gozatzeko aukera izan genuen,” aipatu du.
Jokin Telleria Xpressionk elkarteko kideak ere 2012. urteko emanaldien balorazio ona egiten du.
Berarentzat oso positiboa da kultura herritarrei hurbiltzea eta era honetara, parte hartzen duten komertzioei laguntzea.
“Iaz denda baten erakusleihoan egin zen kontzetua eta jendea harrituta gerturatzen zen,” azpimarratu du.
Egitaraua
Ondorioz, aurten ere Kultur Kale zikloaren edizio berria izango da Lasarte-Orian.
Hau otsailaren 22an hasiko da Abend kafe-antzokian izango den kontzertuarekin. Honetan Makala Jazz Funk Band, Dj Makalak sortutako taldea eta Anai Arrebak talde ezaguna izango dira.
Martxoak 9an bi kontzertu izango dira. Mendi Rock Kafe tabernan Nai Moore King eta The Bluebirds taldeen jazz, blues eta soul doinuak izango dira entzungai.
Eta Jalgi kafe-antzokian, berriz, Oreindik taldearen diska berriaren aurkezpen festa izango da. Taldeak diskako doinu berriak eskainiko ditu eta ondoren, Blami DJaren saioa izango da.
Hiru hilabete honetako azken saioa, Siglo 20 tabernan izango da martxoaren 16an. Honetan, Giorgio Bassmatti kantautorearen pop eta indie doinuez gozatu ahalko da.
Berrikuntza
Prentsaurrekoan aurreratu dutenez, herritarrei emanaldiak gerturatzeko pauso berria bat emango da, “udan kontzertuak eta ekitaldiak kalean egingo dira”.
Honela Sagardotegi kalean, Okendo plazan edo Eliza ondoko plazan emanaldiak egitea aurreikusten dute.
Artista eta lokalak
Hala baina, ziklo hau ezin da aurrera atera komertzio eta artistarik gabe.
Horregatik, Xpressionk elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak herriko denda eta taberna ezberdinei dei egin nahi diete zirkuitu honetan parte hartzeko, baita artistei ere.
Kultur Kale Zikloan parte hartzeko Lasarte-Oriako Gazteria, Festak eta Kirola departamentuarekin edo jokin @xpressionk.net Xpressionk kultur elkartearekin harremanetan jarri behar dira interesa duten pertsonek.
