Michelin II eremuko erabilera aldaketari buruzko hausnarketa

Nerea Eizagirre 2013ko otsailaren 15a

Michelin Fundazioak Michelin II eremuan merkataritza ertaineko eremu bat aurreikusten du. Lur horien erabilera aldaketa egin behar da hori gauzatzeko. Udala alderdi, zein merkatariekin bildu da haien kezkak jakiteko. Orain herritarren iritzia jaso nahi du. Proiektuari buruzko informazio guztia hurrengo asteazkenean, Manuel Lekuona kultur-etxean egingo den batzar irekian eskainiko du Udalak.

Gorka Lizarraga, Pablo Barrio eta Nerea Sanchez Michelin II eremuko proiektuaren eta galdeketaren aurkezpenean.

Pablo Barrio alkateak, Nerea Sanchez Hirigintza saileko buruak eta Gorka Lizarraga Gizarte Zerbitzu eta Merkataritza arloko batzorde buruak gaur goizean Michelin II eremuko proiektuari buruzko informazioa eskaini dute.
Eta honen harira, Lasarte-Oriako eragileek izan dezaketen iritzia biltzeko asmoz, alderdi eta merkatari bilerak egin eta herritarrei galdeketa egingo zaiela jakitera eman dute.
Alkateak prentsaurrekoan azaldu zuenez, Michelin fundazioa Udalarekin harremanetan jarri zen iaz. Michelin II eremurako inbertitzaile bat zuela eta erabileraren proposamen berria azaldu zien.
Proposamen honetan eremu industrialaz gain, merkataritzarako beste gune bat ere aurreikusten da.
Era berean, merkatal gune honetan 100 lanpostu baino gehiago sortuko liratekeela jakin arazten du.

Baimena behar

Nahiz eta lur munizipalak ez izan, proiektu hori aurrera eramateko Udalaren baimena behar dute Michelin fundazioak eta inbertitzaileak.
“Oraingoz, lurren kalifikazioa aldatu beharko litzateke eta plan berezi bat egin. Arau subsidiarioak ez lirateke aldatu beharko, eremuaren estruktura aldatuz gero ikusi beharko litzateke,” azaldu zuen Nerea Sanchez Hirigintza saileko arduradunak.

Proiektuaren datuak
Michelin II eremuko planoa erabilera bakoitzerako behin behineko proposamenarekin. Arg.: LO Udala

Prentsaurrekoan azaldu zuten legez, proiektua lantzen dago eta ezin dira datak zehaztu.
Baina proiektu berriaren behin behineko ezaugarriak hauek izango lirateke, beraz: 18.000 m. karratu, horietatik 5.000 erabilpen komertzialerako eta aparkalekuetarako izango lirateke, beste 4.900 m karratu bulegoentzako eta eremu industrialerako 7.600 m. karratu.

Iritziak jaso

Gauzak honela, Udalak proiektua publikoa egitea erabaki du. “Gaiari buruko hausnarketa egin eta iritzi guztiak jaso nahi ditugu,” adierazi zuen Pablo Barriok.
Horretarako, aste honetan alderdiekin eta herriko merkatariekin bildu da Udal gobernua. “Komertzio txikien kezkak eta galderak erantzun ditugu ahal moduan,” azaldu zuen alkateak.
Orain herritarrei “haien iritzia azaleraztea eskatzen diegu” aipatu zuen alkateak.
Horretarako etxeetan eskuorri bat banatu da eta otsailaren 20an Manuel Lekuona kultur etxean herri batzarra egingo da.
Batzarrean proiektuari buruzko nondik norakoak herritarrei azalduko zaizkie.
Eskuorriari dagokionez, hausnarketa galdeketa bat dela azaldu dute, “informazioa eskaintzen da eta galdeketa bat dago. Hau ez da erabakiorra izango".
Honela, eskuorria beteta, martxoaren 1a baino lehen, Udalak eraikin publikoetan jarri dituen parte-hartze postontzietan utzi behar dela jakitera eman dute.