Ostadarren lehen minutu madarikatuak

jon-altuna-egitegi 2013ko otsailaren 16a

Partidu zaila zen Ostadarreko mutilentzat (Ohorezko Erregionala) larunbata arratsaldean Michelingo zelaian jokatutakoa, Real Union B hartzen baitzuten, hirugarren sailkatua. Azken emaitza 1-3koa izan zen eta hiru puntuak Irun aldera egin zuten hegan. Ostadarrek sufritzen jarraitu beharko du beheko postuetan.

Lehen minutuetan lo
Erdi-lo ekin zioten partiduari urdin-beltzek. Gola jasoa zuten 3. minuturako irundarren jokaldi azkar baten ostean.
Maldan gora hasi behar neurketa. Trabatu xamar joan zen lehen zatia, Ostadarrek bakarkako jokaldien bidez aukeraren bat edo beste sortu zuen, baina ez benetako arriskurik.
Unionek, bere aldetik, kontraerasoekin aukera batzuk sortuagatik, partiduaren kontrola etxekoena zen.
Lehen zatiko aukerarik onena Aitor Manerok eduki zuen 35. minutuan, atezainaren aurrean bakarrik geratuta, baina atezainak geldiketa ikusgarria egin zuen. Bigarren zutoinean zain zegoen Iñigo Gonzalez laterala, baina defentsa irundarra azkarrago ibili zen eta kornerrera bidali zuen baloia..
Eta nolakoa den futbola... Hurrengo jokaldian bigarrena sartu zuen Unionek, Ostadar berdintzeko meritu gehien egiten ari zen unean.

Ezin buelta eman
Bigarren zatiaren hasiera lehenengoaren berdin-berdina izan zen. Ostadarren defentsaren huts bat tarteko, 5. minuturako Real Unionek hirugarrena sartua baitzuen.
Ohorearen gola behintzat egin zuen Arkaitz Sanchezek, atezainaren gainetik baloia loratuta. Unionek ez zuen partidua irabazteko meritu handiegirik egin baina... Lehen minutu madarikatu horiek...