Erantzun oso ona izan zuen “Islada Ezkutatuak” 1936ko gerraren inguruko informazioa jasotzeko helburuarekin herrian sortu den lan taldeak, eta Iñaki Egaña historialariarekin batera, bi hitzaldi antolatuko dituzte, garai hartako egoera azaltzeko: lehenengoan, ostegunean, 1936ko gerra, eta, bigarrenean, gutxi gorabehera hilabete barru, frankismoaren lehen urteak jorratuko dira.
Iñaki Egaña berak esan digunez, osteguneko lehen hitzaldian azalduko ditu gerraren abiapuntu nagusienak eta konkretuki, Lasarte-Orian gertatutakoak. Gai honen inguruko interesa duten herritarrak kokatzeko hitzaldia izango da bere iritziz, “adituok gutxi gorabehera badakigu gertatutakoa, eta beraz, nire helburua guk dakiguna gizarteratzea izango da, hau da, azken urteotan zenbait artxiboetan jasotako eta hainbat lekukoen testigantzaren bidez jakindakoa zabaltzea”.
Egañak jakinarazi digu, gerrari buruzko azalpen orokorrez gain, Lasarte-Orian gertaera konkretu asko dagoela aipatzeko, besteak beste, “borrokaren azken egunak nolakoak izan ziren herrian, eta berezitasun batzuk ere bai, esate baterako, hegazkinentzat zelai bat prestatu zutela hipodromoan edota herriko langileak frente batzuetara joan zirela”.
Aranzadi zientzia elkartean ari da lanean Iñaki Egaña, 1936ko gerrako dokumentazio eta desagertuen bilaketan. Bestalde, lan mardula egin zuten XX. mende amaieran Egañak zuzendu zuen 1936ko gerrari buruzko entziklopedia osatzeko. Dena den etengabe ari dira datu berriak jasotzen. Azken hiru astetan Asturiasko Areces herrian izan dira: “Han 1937an euskaldun asko hil zituzten, eta gauzak argitzen dira, bertan egindako lanaren eta artxiboetan bilatutakoaren ondorioz”.
Aranzadi elkartea, zenbait erakunderen laguntzarekin orain dela zortzi urte lan horietan hasi zenetik, desagertuen senideen 800 eskaera jaso ditu. Egañaren iritziz, “horrek esan nahi du ikertzeko eta sudurra sartzeko gune asko daudela. Gutxi gorabehera errepresioaren mapa osatu dugu, edo osatzen ari gara, baina beti geldituko dira ikertu ez diren gertaerak. Beti egongo dira ikertzeko gune eta eremuak”.
Testigantza zuzenak
Historialarien azken urteotako lana eta helburua gerra bizi izan zutenen ahotik gertatutakoa jasotzea izan da. Gertatu zena gertatu zen bezala jaso eta hori ezagutarazteko. Dena den, denbora aurrera doa eta gerra ezagutu zuten pertsonak gero eta gutxiago dira. “Oso gutxi daude, eta une honetan batez ere biktimen senideen edo seme-alaben testigantzak jasotzen ari gara. Etxean jaso dituzten kontuak” adierazi digu Iñaki Egañak.
Historialariak aitortu digunez, “protagonista zuzenen testigantzak jasotzeko garaia amaitzear dago”, baina lan handia egin dute eta azken bost urtetan ia 300 testigantza zuzen jaso dituzte Aranzadin, eta beste talde batzuek ere jaso dituzte testigantzak, liburuak eta memoriak idatzi dira, literatur lanak ere bai...
“Nik uste sua piztu besterik ez dugula egin, duela hamar bat urte ez zegoen gaia hain gizarteratua eta orain, ordea, bai. Egoera iraultzeko eta gizarteak ezagutzen ez zuena barneratzeko balio izan du” esan digu Egañak.
“Islada Ezkutatuak” Lasarte-Oriako lan taldearen sorrera albiste ona dela eta bere arrakastak harritu egin zuela esan digu: “Taldeak izan duen harrera onak esan nahi du beharra bazegoela eta poztekoa da. Argi dago, batetik, lan eginez gero emaitzak jasotzen direla, eta bestetik, herriko jende asko zain zegoela. Abian jarri bezain pronto laguntzeko eskaintza egin du jende askok”.
Aurkezpenean hitzaldi aretoa jendez gainezka egoteak bultzada ematen die horretan ari direnei: “Guk argi daukagu lanak merezi duela, baina jende asko ikustea bultzada handia da, erraztu egiten du horrek lana”.
Ezkututik agerira
Taldeak lanean jarraituko duela uste du Egañak, hori adierazten du erantzun on eta jendearen gogo horrek: “Bai horretarako jaio da taldea. Aurrera goaz. Gerraren ondoren frankismoa etorri zen, herri honi asko ezkutatu zaio eta azaleratu behar dena azaleratzeko oraindik lan asko dago, luze joko du: ez onerako ez txarrerako, azken finean gure historiaren zatiak besterik ez dira, orain arte ezkutuan egon direnak” bukatu du Egañak.
Aranzadin gustura ari da lanean Iñaki Egaña talde oso zabal batekin. Estatu mailan, hiru mila gorpuzkin inguru ikertu dituzte, horietatik 300 baino gehiago Euskal Herrian. Lasarte-Oriako eskaera batzuek jaso dituzte, baina epe laburrean ez dute ezer konkreturik egiteko asmorik.
