LOKEko atleta gazteak pista denboraldiko azken txapelketetan ari dira lehiatzen. Asteburu honetan Kadete, jubenil eta junior mailako Euskadiko txapelketan parte hartu dute. Hala baina, aurreko astean, Espainia mailako txapelketetan izan ziren. Gaizka Ormazabal gaztea promesa mailako Espainiako txapelketan lehiatu zen lehengo asteburuan, Donostian.
Beretzat oso polita izan dela jakin arazi digu, “besteekin alderatuta hobeto konpetitu dut. Ez dakit etxean lehiatu naizelako izan den edo, baina gustura egon naiz. Bertako jendea zegoen, familia, lagunak eta gustura nengoen”.
Gaizka jubenil mailan hasi zen Estatuko txapelketetan parte hartzen, baina hau ezberdina izan dela onartu du, “Espainiako txapelketetan urduriago jartzen zara eta azkenean urteak pasa ahala esperientzia hartzen duzu eta aurten behintzat ez naiz urduri jarri ere. Ez dakit etxean izateagatik edo izango zen”.
“Bestetan larunbatean lehiatzen banintzen bazkaltzeko komeriak, aurten normal bazkaldu dut, lo ere normal. Hori ere urteekin ikasi egiten da”, gaineratu du.
Marka berdindu
Promesa mailako 200 m. lasterketan final erdietara iritsi eta 22,62 marka egin zuen, bere denborarik onena berdinduz. “Kanporaketa igarotzea espero nuen. Justu-justu pasa nintzen finalerdietara, hamabigarren izan nintzen”, adierazi du herritar gazteak.
“Bederatzigarren geratu nintzen final-erdian. Pena izan zen finalera zortzi pasatzen zirelako eta gutxira geratu nintzelako. Hala ere, nire marka onena berdindu nuen, kale txar batetik, hirugarren kaletik aterata eta pozik nago,” aitortu du Ormazabalek.
60 m. hesi-lasterketa
60 m hesi-lasterketan ere lehiatu zen Ormazabal. Hau ezusteko bat izan zen berarentzat, “Ez nuen gutxieneko markarik. Baina gertu nengoenez, azkeneko parte hartzaile bezala onartu ninduten”, aipatu digu.
Lasterketa honetan ez zen oso ongi ibili, “Eguneko hirugarren lasterketa zela nabaritu nuen. Nahiko desastre egin nuen”, onartu du.
Lanaren fruitua
Hau guztia lanaren fruitua da, “irailean hasi genuen prestaketa aurre denboraldiarekin eta behin lehiaketak hasita entrenamendu espezifikoagoak egin ditut, abiadurako entrenamenduak eta ondo entrenatuta astean lau edo bost aldiz emaitzak lortzen dira”.
Orain aire libreko denboraldia prestatzen hasiko dela aipatu digu, “bi aste luzatu, Gipuzkoako txapelketa prestatzen hasteko, gero aste bete pista zapaldu gabe eta aire librea prestatzen hasiko gara”.
Honetan 400 m. hesi-lasterketarako prestatuko da. Iaz Estatuko txapelketan izan zen proba honetan eta aurten ere egotea espero du.
Hala ere, zail ikusten du: “Espainiakoetara joatea zaila da. Oso gutxik egiten dituzte marka gutxienekoak eta hamasei onenak doaz. Bertan egotea zaila da. Iaz justu-justu sartu nintzen, hamabosgarren denbora egin nuen eta aurten berriro ere bertan egotea espero dut”.
Erkidego arteko txapelketa
Bestalde, LOKE-ko zazpi gazte kadete eta jubenil mailako Erkidego arteko txapelketan izan ziren Gipuzkoako selekzioarekin, Zaragozan.
Oscar Goikoetxeak entrenatzen dituen gazteek lan ona egin zuten eta azkenean, Gipuzkoako selekzioa hirugarren izan zen.
Aipatzekoak dira, 400 m. lasterketan Itoitz Rodriguezen garaipena, Ane Galardiren bigarren postua jauzi hirukoitzean edo Eneritz Bustoren hirugarren postuan altuera proban. Galardiren kasuan, jauzi hirukoitzean lortutako markak 11,07 Espainiako txapelketarako txartela eman zion lasarteoriatar gazteari.
Hauetaz gain, pisuan Maider Rekondok seigarren postuan amaitu zuen, Idoia Olasagasti zazpigarren izan zen luzera jauzi proban eta Yeray Veronizek 60 m. lasterketan parte hartu zuen.
Era berean, Itoitz Rodriguez, Eneritz Busto eta Maria Eugi errelebuen proban lehiatu ziren. Neskek bigarren postua eskuratu zuten; mutilek, berriz, bosgarrena.
Konzentrazioa
Gainera, LOKEko sei gazte, Ane Galardi, Itoitz Rodriguez, Joan Ander Bruño, Maider Rekondo, Maria Eugi eta Yeray Veroniz Gipuzkoako federazioak junior eta jubenil mailako gazteekin Aste Santuan Benicassim-en egingo duen kontzentrazioan parte hartzeko deituak izan dira.
