Jokin Telleriak 22 urte zituen XpressionK sortu zuenean eta urte hauetan asko izan dira emandako pausoak. Kultura kalera atera eta gerturatu behar dela argi dauka; hau egiteko bideak bilatzea izan da urte hauetako lana. Gizartean kulturaren normalkuntza falta dela adierazten du eta noski, artista berrientzako espazioak lortzea oinarrizkoa dela.
10 urte XpressionK sortu zenuela. Nola jaio zen?
Usurbilen Jazz Kalea taberna zegoen eta bertan kontzertuak antolatzen hasi ginen Manuel Gonzalez eta biok. Nik garai hartan Zama taldean jotzen nuen eta Manuelek proposatu zidan kontzertuen antolaketan laguntzea. Orduan 22 urte nituen eta hala hasi ginen.
Konturatu ginen artista asko zegoela, kalitate handikoak eta espazioen falta handia. Kontzertuak ezin lotu, taldeak aspertu eta jotzeari uzten zioten. Nolabait halako egoerak ez gertatzeko espazio bila hasi ginen, zirkuitu alternatibo bat sortu nahi izan genuen.
Hasieran laguntza behar dute taldeek?
Nik beti futbolarekin parekatzen dut gure lana, harrobia beharrezkoa da jokalari profesionalak lortzeko eta harrobi hori zaindu behar da eta aukerak eman. Ba gauza bera kulturaren esparruan. Musikari, artista berriei aukera, agertokiak eskaini behar zaizkie utzi ez dezaten.
Elkarte bat da XpressionK...
Bai. Zirkuitu hori osatzeko beharrezkoa genuen finantziazio iturriak bilatzea eta egokiena irabazi asmorik gabeko elkarte bat eratzea izan zen. Horrela babesle pribatu zein publikoetatik dirua jasotzea posible genuen. Irabazi asmorik gabekoa, helburu sozio-kulturala delako gurea.
Kulturaren sustapena da helburua...
Lanean hasita erabaki genuen hiru arlo artistikoak jorratzea, musika, arte eszenikoak eta arte plastikoak.
Udal desberdinekin eta enpresekin hitz egiten hasi ginen eta gure ekimena ezagutzera ematen. Espazioak eskaini artistei, jendeari artea gerturatu, nolabait betiko kultur aretoetatik hau ateratzea da asmoa. Jendeari gerturatu honen normalizazioa lortzeko.
Helburua esan daiteke ez dela guztiz bete. Kulturan kuantitatiboki neurtzen dira arrakastak, eta gurean artista ezezagunak direnez, ikusle kopurua ez da masiboa.
Kultura ez dago normalizatuta?
Ez, bide luzea geratzen da. Zer egiten du arteak leku itxi batean? Zergatik ito egiten dute artea areto eta museoetan? Nire ustez honek esan nahi du artea ez dagoela normalizatua... guk normalizazioa oso zentzu zabalean bilatzen dugu, mugak apurtuz. Denda batean kontzertu bat egin, arte erakusketak kalean...
10 urtetako ibilbidea nolakoa izan da?
Lan egiteko moduan malgua. Helburua kultura alternatiboa sustatzea da, industriatik, erakundeetatik kanpo dagoena bultzatuz. Hasieran espazioak bilatzen genituen taldeei eskaintzeko, zirkuitua osatzeko. Baina urteekin, konturatu gara artista hauek ez dutela soilik eszenatokia behar.
Erakundeekin kontratuak lotzeko garaian ez dakite zein paper behar dituzten, nola jokatu eta guk, aholkularitza hau eskaintzen diegu. Honetaz gain, euren emanaldiak promozionatzen laguntzen diegu ere.
Oso malguak bilakatu gara. Antolaketa baino gehiago da egun egiten duguna eta bilakaera esanguratsua izan da guretzat. Geografikoki zabaldu, zerbitzuak eskaini eta urtetik urtera ekimen kopurua igo.
XpressionK Euskal Herritik haratago....
Bai, Gipuzkoan hasi eta urte hauetan zabaltzen joan da. Nire sozioa duela lau urte Galiziara joan zen eta han ere sortu zuen XpressionK.
Egun, Euskal Herria, Kantabria eta Burgoseko ekimenez arduratzen naiz ni eta berak, Galizia, Asturias eta Leonen ere antolatzen ditu.
Zabalkunde hau modu naturalean gertatu dela esan behar da. Azkenean babesle bila zabiltzanean mota askotako enpresekin topo egiten duzu eta hauen eskaerari erantzuna eman nahian eurek proposatutako lekuetan antolatu ditugu emanaldiak. Sare hau mantentzeko kolaboratzaileak ditugu.
Zenbat talde, artista...
2012an 250 ekimen eta urte hauetan 2.500 inguru izan dira baina guretzat ez da nahikoa. Ekimen txiki gehiago egon beharko lirateke.
Askotan esaten digute jaialdi handi bat ez ote dugun antolatu behar eta jaialdiarena ez dugu inoiz baztertu baina gure filosofiarekin bat egiten duena emanaldi txikiak dira, hauetako asko eta urtean maiztasun finko batekin.
Jendeak kultura eskaintza etxetik gertu duela ikusita, ohitu eta kontsumitzaileak bihurtuko dira.
Artista asko, baina zeinek utzi dizu oroitzapen berezia?
Talde asko izan dira, baina bereziki gogoratzen dut Zuhaitz Gurrutxaga futbol jokalari ohiari bere lehen kontzertua lotzea lortu genuenean. Grises taldearena, orain asko entzuten da hauen musika Radio3en adibidez.
Baina bereziki hunkitu nauena margolari bat izan da, bere erakusketa antolatu eta margolan izugarri bat oparitu zidan. Honetan islatu nahi izan zuen XpressionK-ren filosofia eta guztiz lortu zuen.
Eszenatoki ezberdinak kudeatzearena aipatu duzu...
Bai aipatu bezala gure ustez edozein espaziotan jarri daiteke erakusketa bat edota kontzertu bat egin.
Urte hauetan lorategi batean antolatu dugu erakusketa bat, Lasarte-Orian Kultur Kale zikloaren baitan, Orbela dendaren erakusleihoan eskaini zuen musikari batek kontzertua... ekimen hau adibidez oso polita da eta aukera asko eskaintzen ditu. Gustatuko litzaidake espazio berri gehiago lortzea 2013an.
Lasarte-Orian aipagarriak dira antolatzen diren ekintzak eta Jalgin hilero dagoen eskaintza.
Gure lan esparrua ere aldakorra da. Espazioak, aretoak desberdinak izaten dira beti, batzuk ixten dira, berriak zabaldu eta berdina taldeekin. Talde batzuk desegin eta taldekideak beste bat sortu edota beste talde batzuetan integratzen dira...
Nola lortzen dira talde berriak?
Aipatutako malgutasun hori dela eta, ez gara bulego batean egoten. Kalean egoten gara, taldeekin, aretoekin harremanetan. Geroz eta espazio eta artista gehiago edukitzeko.
Krisi garaian kulturak nabaritu omen ditu murrizketak...
Egia esateko gu beti egon gara krisian. Lehenengo urteetan batez ere diruz oso larri ibili ginen. Hazten joan eta diru iturri ezberdinak, nahikoa dibertsifikatuta ditugu. Gehien murriztu direnak diru laguntza publikoak izan dira, azken lau urtetan %75.
Krisia aukera bat da. Kontsumitzaileak gauza merkeenetara jotzen du eta guretzat aldaketa hau abantaila da. Artista ez profesionalak mugitzen ditugun neurrian, merkeak garelako. Bestetik, erakundeek merkataritzan, turismoan dinamizazioa eskatzen ari dira eta guk proposamen interesgarriak ditugu.
Hemendik aurrera zer?
Gure helburuak hasierako berdinak dira eta horretan jarraituko dugu. Artea gerturatzen, areto dotoreetatik at zer ikusi, entzun, bizi badagoela erakutsi eta jendea hurbiltzeko lanean jarraituko dugu.
Zerbait egingo al duzue 10.urteurrena ospatzeko?
Ezin da asko aurreratu. Berez urteurrena azaroan da eta azaroaren 15a egun polita izan daiteke zerbait egiteko. Hala ere, epe motzean, KA proiektu berria aurkeztu nahi dugu. Honen helburua taldeen, artisten eta erakundeen artean zubi lana egitea izango da.
